Neoliberalismoa gure buruetan

Galder Gonzalez-ren avatar

Hilabete arraroa izan da martxoa, maila pertsonalean. Bi gairi bueltaka ibili naiz, ezin erabaki nola batu, nola harremandu, baina biak ala biak loturik daudenaren sentsazio horrekin. Artikulurik idatzi gabe igaro dut martxoa eta, konturatu orduko, apirilaren erdia ere igaro da. Bi ideiek bueltaka jarraitzen dute eta, irakurtzeko denbora askorik gabe ere (Lev Tolstoiren Anna Karenina irakurtzen ari naiz, behar den denbora inbertsioarekin), nola lotu, nola azaldu pentsatzen jarraitu dut azken egunotan.

Martxoan bi bidai egin ditut (oso denbora gutxian). Lehenengoa Londresera, bigarrena Berlinera. Londresen, hiri erraldoia izanik, oraindik gurean hain argi ikusten ez den fenomenoaz konturatu naiz: kualifikazio eskaseko lanen desagerpena. Aireportutik hasita eta lotarako hartu genuen lekuraino, lehen langile batek egiten zituen lanak nola orain makina batek egiten dituen ikusteko aukera izan nuen. Stanstedeko aireportuan pasaportearekin makina baten aurrean pasatu daiteke; aireportu barruko trenak ez du gidaririk (eta ez da bakarra, eta tendentzia da); supermerkatuetan autozerbitzua da nagusi… lana desagertzen ari denaren sentsazio hori sartu zitzaidan buruan. Kualifikazio berezirik gabeko lan guztiek makinak egingo badituzte… zeintzuk izango dira etorkizunean egongo diren lanak? Lanik egongo al da?

Duda horrekin bueltatu nintzen Euskal Herrira eta, esan bezala, Berlinera joan nintzen handik bi astera. Zarauztik Loiurako autobusa hartu nuen, baina ezin zen bertan ordaindu: txartela bakarrik makinan edo Internet bidez har daiteke. Loiura iritsi eta sarreran zegoen langilea, enbarke txartela ikusten zuena, desagertu da: makinak jarri dituzte bi asteko tarte horretan. Berlinera iritsi aurretik sentsazio berbera Municheko aireportuan: hegazkinera sartzeko ere makina batek begiratzen du zure txartela…

Logistikaren aroan bizi gara, ez dut dudarik. Ikea bera ere logistikaren garaipen bat baino ez da: autozerbitzua ordenaren eta kopuru zehatzak leku zehatzean egotearen ondorioa baino ez da. Logistikaren aro berri honetan guk ematen diogu informazioa enpresari, ez alderantziz. Guk esaten diogu nondik nora joan(go) garen, zer behar dugun eta noizko. Berlinerako bidaia txartela mugikorrean jaso nuen, eta Google Calendarrek automatikoki sartu zuen nire egutegian (beno, galdera bat egin zidan ea onartzen nuen jakiteko). Hotelean nengoela mezua jaso nuen, aurreko gauean, goizean zein ordutan atera beharko nuen esanez. Logistikaren aroan bizi gara… baina logistikan ez dira langileak behar. Begira, bestela, Amazonen sistema:

Milaka, milioika eskari jasotzen dituzte eta makinek egiten dute kudeaketaren alderik zailena. Pertsonek, bideoan agertzen diren gutxi horiek, beste makina batek oraindik garestiegi egiten duen zerbitzua baino ez dute eskaintzen: paketea ondo dagoela ikustea. Izan ere, “ondo” hori hain da subjektiboa, makina batentzat ORAINDIK zaila dela jakitea.

Enpleguen eskasia aurreikustea ez da, berez, zerbait berria. Baina garai historiko honetan bigarren pentsamendu batekin lotu nahiko nuke: neoliberalismoak gu guztion buruetan egin duen sarbidearekin. Orain hamarkada bat Bolonia Prozesuari buruz idazten aritu ginen batzuk Unibertsitatean. Bertan aipatzen genuen nola 1980ko hamarkadan bukatu zen enplegu paradigma zaharra: nonbait lanera sartu eta, dena ondo bidean, bertan erretiratu. Enpleguak bizitza osorako ziren. Izan zitekeen lan aspergarria (adibidez, eskari bateko elementuak aurkitu eta paketeetan sartzea), izan zitekeen lan monotonoa (adibidez, hegazkin batean sartzen ziren pertsona guztien txartela ikuskatzea) edo izan zitekeen gaizki ordaindutako lana (adibidez, denda bateko kutxa). Baina egonkorra zen.

Azken hamarkada hauetan kontrako ideia forcepsekin sartu digute buruan: mugikortasuna ona da, lanez aldatzea ona da, lehiakortasuna ona da. Nazioartean saltzea ona dela diote behin eta berriz Teleberrian, bereziki horretarako sortutako “Empresa Vasca” atalean. Zerbitzuak esternalizatzea ona da: izan ere zerbitzuak kanpoan kontratatzen direnean bezero bat baino gehiago duten profesionalak ari gara kontratatzen, eta ez gure enpresa barruan egon daitezkeen “afizionatuak”. Zerbitzuak kanpoan hartzen baditugu, bezero gehien dituena profesionalagoa da, zenbat denbora eskaintzen dien kontuan hartu gabe. Funtzionarioa izatea amets burges bat da. Mileurista izatea lotsagarri izatetik ona izatera igaro da… eta jarrai nezake ildo honekin, baina ideia azaldu dudalakoan nago.

Neoliberalismo horren aurka, baina, ez ditugu defentsa mekanismo egokiak martxan jarri. Eta euren tranpan erori gara. Neoliberalismoak meme indartsua zuen eta gure buruan instalatu du, kortozirkuitu handirik gabe. Sindikatuen aurkako giroa argia da, baita euren burua “aurrerakoitzat” duten langileen artean ere. Ezkerreko alderdietan pobreziaren apologia egiten da: gutxien kobratzen duten ordezkariak ditugu; liberaturik gabeko mugimendua gara; bi legegintzaldi baino gehiago egitea ez da ona… kastaren aurkako diskurtsoa eraiki zuen “ez eskuineko ez ezkerreko” zen mugimendu batek eta ezkerrak baino ez du hori asumitu, bere burua kastatzat hartuz. Militantziaren gaineko diskurtsoan 1960ko hamarkadan gaude; langileen gaineko diskurtsoan 2020an bete betean.

Badakit hemen idatzitakoak ez duela Internazional berririk sortuko, baina gutxienez gure buruetan eztabaida bat piztea gustatuko litzaidake. Enplegu zaharrak bueltatzea ezinezkoa da eta, berarekin batera, fabrikako-langileriaren figura. Enpleguak desagertuko direla errealitate bat da: berriak suertatuko dira, baina ez dira izango zaharren kopuruan. Lan intelektualek, akaso, izango dute egonkortasuna (bizitza osorako izan daitezkeenaren zentzuan, bederen), baina rock and rollak Euskal Herrian ez du sekula dirurik emanen. Gure buruan genituen autodefentsak suntsitu dituzte, gainera: neoliberalismoa ezkerrak ondo barneratu duen kontzeptua da.

Zer egin?

Eta “zer egin” galdera horretan trabatzen gara, behin eta berriz. Behin eta berriz. Kultura zehatz batekoak gara, judeokristauak sufritzeko eta protestanteak lanerako. “Lanak duintzen du pertsona” bezalako esaldiak entzuten ditugu, eta ez dugu kontrako argudio sendorik eraikitzen. Ezkerra ere “proletalgoaren” gainean eraiki den horretan lanarekiko, langile izaerarekiko, lotura sendoa du. “Alferkeriarako eskubidea” aldarrikatu zen Errusiar Iraultza baino lehen, baina mende bat baino gehiago eman dugu 40 orduko lanaldiarekin, perfekzio absolutua bailitzan. “Erreserbako industria-armada” geroz eta handiagoa da eta, horregatik, “klase ertaina” kontzeptuaz baliatzen dira betikoak DSBE (RGI) bezalako “pribilegioak” kentzeko. “Ikasi eta horrela zerbait izango zara” esaldiak ez du zentzurik, ez badugu lortzen rock and rollak Euskal Herrian dirurik ematea, behintzat.

Aukera historiko handiaren parean gaude. Enpleguaren-ondoko jendarte bat ikusteko aukera dugu. Gure zientzia fikzioak beti Blade Runner moduko distopietara eraman gaitu, baina izan dira bestelako utopiak, non lana eta oparotasuna loturik ez dauden, non automatizazioak pertsonak sufrimendutik askatzen dituen eta ez miseriara kondenatzen… “Alferkeriarako eskubidea” aldarrikatzen hasi beharko ginateke,  pentsatzeko, ekiteko eta mundua hobetzeko denbora gehiagorekin, teknologiak sortzen duen produkzioa guztion onurarako erabiliz. “K estrategia” garatzeko eskubidea aldarrikatu beharko genuke, neoliberalen “r estrategiaren” aurrean. Agian behin-behineko neurri gisa astearen hiru egunetan lan egin beharko genuke, aste-lehenetik aste-azkenera. Eta ostean, lau egun. Edo, bestela, kaosa.

Iruzkinak

  1. […] ez ditugun etorkizun posible horiek irudikatzen dituen artikulurik onenari saria: Galder Gonzalez, “Neoliberalismoa gure buruetan” […]