Ni Naiz? Zer naiz? Non naiz?

Uztaritze Betelu-ren avatar

Ni Naizena batek daki.

Agian, nire etorkizuneko niak jakingo du orduan, zein izan naizen ni orain.

-Bitartean barrura begiratzean ikusten dut mundua.-

Nondik ateratzen diren hitzen segida bat bat-batean olerki bat sortzeraino, prozesu sortzailearen konplexutasunean bilatu beharko genuke, baina ez naiz hortaz arituko.

Sentsazioetan murgilduta eman dut bizitza orain artean, emozioen porrusaldan. Ni Naizen horrek zer sentitzen duen uneoro galdetuz. Hortik irteten da beti artearekiko dudan harremana eta beste zerbait sortzeko beharra. Ni Naiz? Zer Naiz? Zergatik? Galdera guzti horiei erantzuna harri puska batean etengabe bilatuz. Eta ez dago erantzunik, soilik milaka ispilu, milaka islada, milaka galdera bueltan.

Noizean behin arnasa hartzeko parada ere egitea komeni. Kanpora begiratu eta beste milioi bat galdera gehiago. Uffa!! Orduan… barrura-begira/ kanpora-begira begiztan mareatuta bizi naiz.

Batzuetan, besteen gorrotoak, minak, desplanteak, irainak… zerbait ederra eraikitzeko balio zaizkit/gu. Besteetan, ariketan porrot.

Badu Arteak esan bezala, azalak sendatzeko gaitasuna, ikusle, entzule eta sortzaileentzako ere.

Artifiziala eta artifiziotsua. Ez naturala. Olerki mordo bat egitea. Olerki mordo hori sare neuronal bati ikasteko eskaini. Dena da artifiziala eta dena da inteligentzia.

Artea- Artifiziala eta Artifiziotsua. Soilik du funtzio bat nire ustean. Sortze prozesuan artistari behar emozional konkretu batzuk asebetetzea eta ikusle edo entzulea emozionalki interpelatzea. Ondoren, denbora batera intelektualizatu dezakegu, arrazionalizatu, ulertzen saiatu artelan horrek duen karga sinboliko guztia. Pedagogia lineala egiteko-edo. Izan ere, hori da kontua, pentsamodu errizomatikoa edo dibergentea ez dakigula arte manual batean jartzen. Eta saiatzen gara Artea pentsamendu linealaren bitartez kontatzen. Eta, hori txuritasuna kolore beltzak erabiliz irudikatzea bezalako saiakera okerra da.

Beraz:

Artea emozioak interpelatzeko balio behar du.

Gainontzeko guztiak ez du Artearekin zerikusirik. Ez kontakizuna era linealean kontatuta, ez Artearen Merkatua eta bere dirumailuak, ezta ere EGOak. Euskaraz H-a jarrita erraz konponduko genukeen gaixotasuna. Jabetza intelektuala txorrada bat da edo izan beharko luke, artea ez baita hiltzen artista hiltzen den unean.

Nireak dira olerkiak zuenak izan baino lehen.

Ondoren

Soilik

Ni Naiz?!

Iruzkinak