Pantaila konstelazioak

,
Txertatua-ren avatar

Gaur egungo hardware elementuetan, gauzetan, iradokitzaileenaren inguruan galdetuz gero ez nuke zalantzarik egingo “Pantaila” erantzuteko. Izan ere, 70. hamarkadan telebistarekin mundu “erreala” isladatzetik ordenagailuak sortutako mundu birtuala erakusteko piztu zenetik bata bestearen atzetik eklipsatu du pantailak dena-delako inpresio euskarria.

Monitoreok ez dira honezkero informazio erakusle xumeak. Masiboak dira gailu mugikorrei lotutakoak: kamerak dituzte goian, mikrofonoak azpian, dozena bat sentsore eta ukimen sentsibilitatea bere azaleraren osotasunean. Informazioz lehertzen amaituko duten supernoba izarrak dira pantailak. Izar hauei, gailu konstelazioei begira pasatzen ditugu egunak, lanean, kalean edota etxean, lepoak okertzen dituzten big-dataren zulo beltzak. Pantailek ere badute dimentsio arteko atetik ere, mundu birtuala eta errealaren arteko zizare-zuloa bilakatu diren heinean.

Pantailen teknologiak zentraltasuna irabazi du aurrerapen garaikideen agendan: polarizatutako betaurrekoen laguntzaz 3D pertzeptzioa eskaitzen dutenetatik (gehiegizko arrakasta izan ez dutenak), kartulina baten lodiera izango duten pantaila flexibleak, mini-proiektore mugikorrak, betaurreko adimentsuak (oraindik garapen prozesuan omen dauden Google Glass garestiak) edo murgilpen osoa eskaini dezaketen VR kaskoak (Oculus Rilf-en gisakoak).

Badirudi ikuspegi platoniko bat dugula ipar, itzal inperfektuen kobazulotik irten eta pantailek eskainitako mundu birtualaren “egiak” jarraitzekoa. Gure herrien aberastasun psikosozialaren eta norberaren zerbikalen osasunaren alde, garrantzitsua da pantaila komunitarioak eraikitzea, edukiak adostuta elkarrekin ikus ditzazkegunak. Leku gehiegitan galdu dira herri-zinemak eta etxe askotan telebista batera ikusteko (azken) ohitura familiarra.

Bergaraldean (Zibergarako mokoloak) proiektu eder batekin gabiltza, herriko blog eta webguneek sortutako RSS jarioa (mokolokom.net) era automatikoan Raspberry Pi baten lagutzarekin LED-matrize pantaila batean erakustekoa. Prest daukagu asmakizuna lokalizazio egoki baten zain.

Garaion informazio konplexutasuna konpontze aldera, ezberdinen arteko talkaren txinpartek piztutako pantaila konstelazioek eskaini dezakete argibideren bat. Geronek behar dugulako gure pantailetako argi.

Iruzkinak

  1. […] Pantaila konstelazioak (Etzi.pm) […]

  2. […] Pantaila konstelazioak (Etzi.pm) […]

  3. […] ez gaitezen engainatu. Pantailek, bereizmenak eta hatz-beteek zoratzen bagaituzte ere, hizkuntza da hartu-emanerako daukagun […]