Ez da kasualitatea azken hilabeteetan Oarsoaldean sortu diren bi proiektu kooperatibo interesgarrienak lehen sektorea eta tokiko elikagaien kontsumoa indartzera datozen Elika eta Labore izatea. Beharra nabarmena denez elikagai ekoizpen eta kontsumo proiektu gehiago etorriko dira. Proiektu hauek, ordea, erabat kontrakoa zaien testuinguruan sortu eta aurrera egin beharko dute, distribuzio konpainia handiez inguratuta eta husten ari den lehen sektorean aurrera egin nahian.
Honi aurre egiteko ezinbesteko tresna izango da Labore, bertan agregatuko baita tokiko ekoizpena erosi nahi duen kontsumitzaileen eskualdeko portzentaje handi bat. Eskaera agregatu honetatik, eskualdeko elikagai ekoizpen beharrak zein diren ezagutu ahal izango da, eta informazio horrekin ekoizpen eta eraldaketa proiektu berrientzako kondizio onetan egituratutako merkatu soziala eskura izango dute Laboren.
Bide horretan ere ezinbestekoa da elikagaien transformaziorako proiektuak sustatzea, eta horretarako beharrezkoa da proiektu hauen lehen pausoetan lehen produktuak inbertsio beharrik gabe ekoizteko Eraldaketa Gune bat izatea eskualdean. Horretarako eskualdeko eraldaketa gunearen proiektua berreskuratu beharko da.
Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko bosgarren ideia da, kontsumo agregatuko labore proiektua indartu eta ekoizpen eta eraldaketarako lur eta azpiegitura komunak sortzea.
Egileak: Gorka Julio eta Beñat Irasuegi
Argazkia: Labore Oarso