Poesia, etorkizunez betetako arma

Urtzi Urkizu-ren avatar

Hogei urte ez dira ezer. Hala dio Carlos Gardelen tangoak. Hogei urtez aritu da Auxtin Zamora Hatsaren Poesia Olerki Bilduma koordinatzen, taxutzen, osatzen. Euskal Herri osotik iritsitako testuak bildu eta liburura eramaten. Ikastetxeetan neska-mutikoei poesiarekiko maitasuna erakusten, haien sentimenduak hitzetan dantzan jartzen. 2017ko bilduman, badira Azkaineko, Igantziko, Berriozarko eta Senpereko neska-mutikoen ametsak paperean jasoak. Haietako zenbait itzuliko dira noizbait poesia irakurtzera eta idaztera. Itzuliko dira Zamoraren bidera. Itzuli…

Baina hasitako bide guztiek dute amaiera bat. Eta Zamorak erabaki du erreleboa ematea beste batzuei. 2018ko olerki bilduma izango da hark gidatuko duen azkenekoa. Hatsaren Poesia liburuaren formula izen berarekin mantentzea proposatu du Zamorak. Elkarte berri edota arduradun berri batzuk beharko dute 2018tik aurrera lana gidatzen. Horretarako biltzar baterako dute zita jarria Senperen (Lapurdi), abuztuaren 18an. Larralden, 17:00etan. Erabakiak urte amaieran etorriko direla iragarri dute. Izan dezala jarraipena Hatsaren bildumak, hori euskal olerkizaleon desioa. Graxi Solorzanoren hitzak gure egiten ditugu: “Auxtin, pazientziaz josia aritu zira egunez egun, poesiaren sua piztu eta bizirik atxikitzeko asmoz, beti ufaka bazterretan”. Esker oneko hitzok ere bai: “Mundu hau poesiaz gose amilkatua baitago, esker mila poesiaren kultura ederrari lurrak iraultzen, ureztatzen eta kimuak landatzen aritzeagatik”.

Etorkizuneko arma bilaka daiteke Hatsaren Poesia Olerki Bilduma datozen urteetan. Ez baitu oraino mugarik ezarri. Berdin dira han idazle haur eta adineko, ezezagun eta kontsakratu, Euskal Herriko lurralde guztietako lagunen testuak dira han jasoak. Beste arlo batzuetarako, lezio txiki bat izan daiteke urteotako Zamoraren emana. Jasotako fruitua, urteko bilduma. Baina ez hori bakarrik. Hatsa elkarteak Senperen eta handik kanpo egindako ekitaldiak daude. Abuztu honetan ere izango da zer gozatua Senpereko Larraldean, Hats-Arte izeneko egitasmoaren bitartez. Hiru astez, abuztuaren 6tik 27ra, poesiarekin eta kulturarekin lotutako askotariko diziplinak iritsiko dira Lapurdiko barnealdeko herrira. Euskal Herriko herritar guztiei ateak irekiko dizkiete aste horietan. Etorkizun hurbilerako zita polit bat, edozein modutan, Hats-Arte.

Ondoren, urtarrilaren amaiera bitartean izango da aukera olerki bildumarako testu berriak bidaltzeko. Hatsaren 20. bilduman gero jasoko dira, noski. Olerki berri horietan izango da, agian, bat baino gehiago etorkizun posible interesgarriak proposatzen dituztenak. 2017ko bilduman, irakurri ditugu aurrera begira doazen hitzak. Etorkizun formako aditzak. Etorkizun zehatzak islatzeko balio ditzaketen hitzak. Egileen cc baimenarekin, hauexek batzuk:

“Poesia ez da iraganen! Beti izanen dira bi begi izpitsu gauerdiz izarrak konta-kantatzeko. /

Gure baitan diren bazter miresgarrien mundua

eraikitzen segituko dugu

egunez egun, egunero/

Etengabeko iraganbide honen dekadentzian

denbora odolbiltzen ari da piskanaka/

Ez dizut kontatuko

zalantza egiten dudala batzuetan

neure buruaren jabe ote naizen/

Haizeak harrotutako

orbel artean horiz jantzita

zuhaitzaren ametsak

poliki-poliki, hegan doaz/

Bi hitz, etorkizunaren giltzarri.

Neska da!/

Hortxe datoz mara-mara malutatxoak

izoztutako neure bihotz elurtura /

Eta etorkizunaz hitz egin nahi duzu

gero nirekin

zerbait kontatzeko eskatzen didazu

zure bizitzari buruz, gainera/

Gaur bagara,

eta bihar fini

Edo Cospedalen bertsioan,

finiquit…/

Hasten ari den oro, amaituko da, berriz hasteko/

Eguzkia zuretzat izanen da

zernahi edanen dut,

beila orduak soportatzeko,

bai hotzdurak jasaiteko/

Ero-ka lortuko dugu ore-ka?/

Badator galerna

keinuka, indartsu, itsas argitik

desoreka

guztia mugitu eta gero

gure lekuan utziko gaituena/

Etorkizunez beteriko balek

su etena eskatu dute

zubi azpiko lamien oihuak

entzun daitezen/

utziko ditut penak, nekeak,

zio, liskarren lur antzuak,

eta amaraundu zen oihu askea

argitasunez beteko da.

Haizearekin bat egingo dut,

haizea bera izango naiz/

Herriz herri haz dadila elkartasuna

jendea jende dela ulertzeko askatasuna/

Marik erakutsi bidea,

segi dezagun aitzina,

geroa naroa izanen da,

independentzia/

Poesia ez da iraganen! Jendeen garrasiak eta oinazeak, ahantzien bihozminak, etorkinen herriminak eta itxaropenak iragartzeko hameka jeikiko baitira haurridetasunaren ikurrina landatzeko mendi-zelai hegietan”.

Horiek eta hamarnaka estrofa eder gehiago topa daitezke Hatsaren Poesia Olerki Bilduma 2017 lanean. Halako batean, Daniel Ibisate Martinek galdetzen du Hala-holako istorio batzuk eta gertaera bat olerkian: “Nor ote zen Paco Ibañezek eszenatokietan la poesía es un arma cargada de futuro abestia aurkeztean aipatzen zuen Gabriel Celaya hura?”. Rafael Gabriel Juan Mugika Zelaia Lezeta, Hernanin jaioa 1911. urtean. 36ko Gerran errepublikarren alde borrokatu, eta Palenciako (Espainia) kontzentrazio eremu batean preso izan zutena. Norte poesia bildumaren sortzailea. 1991n hil zen Madrilen. Bizirik balego, eta Hatsaren Poesia ezagutuko balu, Auxtin Zamora miretsiko luke Zelaiak. Aurtengo bildumara iritsi da Zelaiaren “la poesía es un arma cargada de futuro”. Ezin liteke inolaz ere uka: poesia etorkizunez betetako arma bat da. Hala izango da, nahiz egongo diren “ez dira lirikarako garaiak” mantra errepikatzen duten prosaikoak. Baina, bai, etorkizuna poesiaz beteta dago. Zamorak erakutsi zigun, eta beti eramango dugu haren garra bihotzean. Eman hatsa librea poesiari eta etorkizunari. Eman poesia etorkizunari.

 

Iruzkinak

  1. xorino-ren avatar

    Primeran! hatsa hartzen eta botatzen segi dezagun elkarrekin…

    Ez naiz poeta

    (akaso poetisa)

    ez naiz idazlea

    (akaso izkiriatzailea)

    ez naiz bertsularia

    (akaso bertso-egilea)

    ez naiz ama

    baizik eta amaren alaba

    ene barneko nahi gabeekin eta pozekin

    gibelerat begiratzerakoan

    ohartzen bainaiz ez dela orainik ez etorkizunik ere

    baizik eta iragan etenik gabe bat

    oroitzapenetan gelditu gabe

    haiek erne mantenduz

    bizi naiz.

    https://xorinokantharia.wordpress.com/2017/04/04/mendaro-2017ko-happyrilaren-4a-asteartea-hika-ika-hika-korrika-debabarrenetik-bidasoa-aldera/

  2. Marisa Arruabarrena-ren avatar

    Auxtini esker ikusi nituen lehenbizikoz nire letrak/ezinak/ grinak… inprimategitik pasata.
    Bera izan da nere gidari/maixu/lagun…
    Eta orain, Zamorak beste batzuei erreleboa ematea erabaki duen une honetan ezin diogu hutsik egin.
    Beraz, kontatu nirekin ere. LANERAKO PREST nago! eta gainera GUSTU HANDIZ!
    Marisa