Roaming-a Europako Batasunean, bukatu al dira fakturako sorpresak?

Ion Turrillas-ren avatar

Datorren ekainaren hamabostean roaming-a Europako Batasunean desagertuko dela esan genezake, berri ona oro har erabiltzaileentzat, hala ere, egonen dira zenbait salbuespen bere aplikazioan eta hauek izango dira, hain zuzen ere, aztertuko ditugunak.

Roaming-aren bukaera edo limitazioa berez aurreikusita zegoen 2015eko urtarrilerako, horrela zehazten zuelako 2012ko erregelamenduak. Tamalez, lobbyen eraginez, araudiaren aplikazioa atzeratu egin zen eta, azkenean, beste erregelamendu bat onartu eta gero, abenduaren 16ko Europako Batasuneko Komisioaren 2016/228 indarrean sartu da, non Europako Batasuneko 31/2012 aurreko erregelamendua osatzen den.

Roaming-a bukatutzat eman daiteke Europako Batasunaren baitan, “Roaming-a etxean bezala” izeneko printzipioa erregelamenduak ezartzen duelako. Horrek esan nahi du operadoreek debekatuta daukatela prezio edo tarifa gehigarriak ezartzea bai deietan, bai SMSetan edo MMSetan edo datuetan Europako Batasunaren barruan (28 estatuetan).

Baina, zer da edo zen roaming-a?

Roaming-a berez tarifa berezi bat da/zen. Aplikagarria da/zen estatu batetik bestera bidaiatzerakoan guk kontratatutako konpainiak zeuzkan ustezko kostuak zirela-eta gure tarifari kopuru gehigarri bat ezartzen zion. Estatu horretatik Internetera konektatzeagatik edo eta deiak edo SMSak bidaltzeagatik kopuru gehigarri bat aplikatzen zuten. Kostu berezi horiek batzuetan lau zifratako zenbakietara ailegatzen ziren.

Nori eragiten dio “Roaming-a etxean bezala” deitutako printzipioak?

Europako Batasuneko estatuetan jarduten duten operadore guztiei, baldin eta kontratua Europako Batasunean prestatu eta gauzatu bada.

Zein da eremu geografikoa?

Ekainaren hamabostetik aurrera, kostu berezi horiek desagertuko dira Europako Batasuneko 28 estatuetan (Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia & Reunion & Martinika & Guyana Frantsesa & Guadalupe, Gibraltar, Grezia, Holanda, Hungaria, Irlanda, Islandia, Italia & San Marino, Letonia, Liechtenstein, Lituania, Luxenburgo, Malta, Norvegia, Polonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania eta Suedia). Desagertze hori aplikagarria izango da bai deietan, bai SMSetan, baita datuetan ere.

Suitza, Turkia eta zerrenda horretan ez dauden beste estatu batzuk, esate baterako, ez lirateke aipatutako eremu geografikoaren barnean egongo.

Mugak al daude ”Roaming-a etxean bezala” printzipioan?

Bai, badaude, hain zuzen ere “gehiegizko erabilera edo abusuzkoa”: lau hilabetez edo denbora gehiagoko epean Europako Batasuneko beste estatu batean egoten bagara, orduan, jatorrizko estatuan gaudela eta ez atzerrian edo beste estatu batean frogaren bat eskatzeko eskubidea izango du guk kontratatutako operadoreak. Horren ildora, beste kontzeptu bat sartzen da jokoan, “Establezimendu finkoarena”. Adibidez: jubilatuek denbora gehiago ematen dutenean beste toki batean. Demagun, jubilatu batzuk bere Hendaiako etxean ematen dituztela lau hilabete baino gehiago Donostiakoak izanda. Mugaz gaineko langileen kasuan, berdintsu gertatzen da, alegia, Irunen bizi eta Baionan lan egitean, edo alderantziz. Erregelamenduaren 2.2. a artikuluan jasotako edozein adibiderekin gertatzen da. Argi dago, Euskal Herrian kasu honek izango dituela bere ondorioak eta eztabaidak.

Beste muga bat izango litzateke datuen kontsumoaren kopuruaren araberakoa (Internet). Adibidez, tarifa mugatu gabeko batean, demagun 70€ ordaintzen ditugula hilean eta tarifa horrek ematen digula eskubidea nahi ditugun deiak, SMSak eta datuak erabiltzeko. Kasu honetan ere, muga bat jarri zaie datuei, ez horrela telefono dei eta SMSei.

Datuen kasuan, kalkulatu beharko dira 0,80€ / MB (erregelamenduak ezarritako prezio minorista) bakoitza eta tarifaren kopurura ailegatzerakoan, alegia 70€ (gutxi gora-behera 16GB izango lirateke): edo Interneteko zerbitzurik gabe geratuko ginateke, edo gehigarri bat ordaindu beharko genuke kopuru horretatik aurrera.

Aipatutako kasu horiek, “Erabiltze egokiaren politikan” sartu beharko lirateke, bestela esan bezala, mugatuko litzateke ”Roaming-a etxean bezala” printzipioa.

”Roaming-a etxean bezala” printzipioa aplikagarria izango zaie pertsona fisiko (partikularrak), autonomo eta pertsona juridikoei (enpresak eta abar barne).

Operadoreak derrigortuta daude gardentasuna dela-eta beraien webguneetan azaltzera zeintzuk izango diren roaming-aren joko arau berriak eta abarrekoak.

Aurre-ordaindutako tarifetan mugarik al dago?

Bai, operadoreek (prezio maiorista bat daukate, erregelamenduak ezarritakoa) erabaki dezakete ordaindutako aurre-tarifa horretan erdira jaistea zerbitzuaren kopuruen MB adibidez, beraien kostuen arabera kalkulatuta, horrela estimatzen badute.

Konklusio moduan esan dezakegu, aurrerapauso bat dela oro har, baina aipatutako mugetan egongo dira gako eta arazo nagusiak eta, noski, Europako Batasunetik kanpo roaming tarifa berezi eta gehigarri bezala indarrean jarraituko du eta ez da aurreikusten honen amaiera epe ertain edo luzean. Hortaz, uda honetan atzerrira bazoazte Europako Batasunetik kanpo adi ibili mugikorrarekin, sorpresa txarrik ez baduzue nahi behintzat.

Argazkia/Photo: Marisa Buhr

Iruzkinak

  1. […] Roaming-a bukatutzat eman daiteke Europako Batasunaren baitan, “Roaming-a etxean bezala”… jarraitu irakurtzen […]

  2. […] Roaming-a bukatutzat eman daiteke Europako Batasunaren baitan, “Roaming-a etxean bezala”… jarraitu irakurtzen […]