Sarrera
KoopFabrika ekintzailetza sozial eta kooperatiboa sustatzeko programaren baitan, 2017 urtean zehar Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) inguruko hainbat proiekturi forma ematen, gorpuzten, lehen pausoak ematen laguntzen eta zenbait kasutan jada martxan zeuden proiektuekin lan egin dugu. Programa horren markoan, ekoizpen eredu agroekologikoa eta tokiko kontsumo kolektiboa sustatzeko plataformek bizi duten loratze koiuntura oso esplizitua izan da.
Azken urteetan, kontsumitzaileen ikuspegitik, produktu ekologikoen eskariak gora egin du, osasunarekiko1 nahiz ingurumenarekiko kontzientziazioa dela eta2. Joera hori salmenta-guneen nahiz banatzaile handien bitartez heldu zaie azken kontsumitzaileei. Espainiako Estatua da ekologikoan gehien kontsumitzen duen lurraldeetariko bat. Hala ere, banatzaileetan oinarritutako merkaturatze- zirkuitu luzeek eta Europako merkatu bakarreko estrategiek eskari lokalari erantzuteko baino, nazioarteko merkatuetan saltzera bideratu dute ekoizpena, bertako eskariari erantzutera baino.
Era berean, joera horri aurre eginez, elikadura burujabetzaren aldeko ereduak sustatzeko ekimenak ere ugarituz joan dira, baita euskal gizartean ere. Horren adibide da Via Campesinaren Nazioarteko VII. Konferentzia 2017an Derion egin izana. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, EHNE sindikatuak, EH kolektiboak, Biolurrek, Basherri Sareak eta beste hainbat eta hainbat eragilek osatzen dute Euskal Herrian ekoizpen agroekologikoaren eta elikadura burujabetzaren aldeko eragileen konstelazioa. Analisiaren fokua konstelazio honetan gero eta espazio eta potentzial eraldatzaile handiagoa lortzen ari diren kontsumo agroekologikoko elkarteetan jarriko dugu txosten honetan. Izan ere, autoeraketan oinarritutako egitura komunitario horiek merkatu eta banaketa logika irauli dute, eta zuzeneko harremanak ahalbidetzeko mekanismo eta praktikak sortzen ari dira. Hala, bi norabidetako ibilbide eraldatzaileak jarri dituzte martxan: egituraketa sozial konplexuen esperientziak sortu dituzte, baita ekoizpen agroekologikoa sustatzeko zuzeneko eragileak ere.
Kontsumo eredu komunitario horiek txikizkako merkatuaren logiketatik kanpo kokatzen diren aldetik, parte-hartze horizontala eta kudeaketa kudeatzeko beharrezko dimentsio txikia mantendu behar dute eta, aldi berean, ekoizleekiko harremanak martxan jartzeko bezainbesteko erosketa ahalmena izan. Ideia kontrajarri horien aurrean, autoeraketan eta ekoizleekin zuzeneko harremanetan oinarritutako ESE proiektuen artean saretze esperientzia pilotua jarri genuen martxan. Nodo txikiz osatutako sare bat egituratzen hasteko oinarriak ezartzen hasi gara. Esperientziak kudeaketa eta kooperazioan ikaspen interesgarri asko eskainiko dituen arren, txosten honetan saretze eta autoeraketa komunitario esperientzia horietan teknologiak joka dezakeen paperaren inguruko gogoeta prospektiboa egingo dugu.
Merkatu neoklasikoetatik giza beharrak asetzeko gune autoeratuetara
Merkatuak elkartrukerako espazio fisiko nahiz birtualak dira: herriko plazetako merkatuetatik hasi eta merkatu finantzario konplexuetara. Egungo eredu ekonomiko neoliberalean merkatua baliabideen esleipen optimoa lortzeko tresna egokiena bezala aztertzen da. Esleipen optimo horiei orekan dauden merkatuak esaten zaie eta ekonomia elkarlotutako merkatuen sistema bezala modelatuz, merkatu bateko oreka matematikoak besteen oreka ekarriko luke Walrasen legearen arabera3. Puntu optimo horietara heltzeko merkatuek hainbat baldintza bete behar dituzte:
- Merkatuko enpresa guztiek produktu berbera edo guztiz ordezgarria saltzen dute.
- Enpresa guztiak prezio-hartzaileak dira, hau da, ezin dute haien produktuen merkatuko prezioa kontrolatu.
- Enpresa guztiek merkatuko segmentu erlatiboki txikia dute.
- Erosleek produktuari eta prezio guztiei buruz informazio perfektua dute.
- Industriara edo merkatura sarrera eta irteera libreak dira.
- Merkatuko eragile bakoitzak bere onura indibiduala bilatuko du.
- Ekoizpen faktoreak trukagarriak dira. Honenbestez, lan-indarra kapital kantitate batez ordezkagarria dela esan nahi da.
- Lehia perfektuko merkatuek jabetza eskubide argiak dituzte.
Lehia perfektuko merkatu horiek ekonomia eskola neoklasikoko tresna teorikoak dira. Errealitatean, libre utzita merkatuko dinamikek erakusten duten joera beste bat da. Elikaduraren sektorea eta, bereziki, nekazaritza merkatuen liberalizazioaren baitan, beti izan da gai gatazkatsua, GATT4 akordioetan bertan edo Europako Batasuneko merkatu komuneko PAC politiketan ageri den bezala. Berezitasun hauen errepaso txiki bat egingo dugu:
- Produktuen artean ezberdintasun handiak daude: ekoizpen metodoak, pestizida eta bestelako inputen erabilera, kapitalaren erabileta etab.
- Prezioak merkatuko bitartekari eta monopsonioen menpe daude, eta azken erosleek ordaindutako prezioaren diferentzialik handiena merkatuan eragiteko gaitasun handia duten bitartekarien esku geratzen da.
- Industriara sartzeko askotariko trabak daude: transformazioan eta kapitalean egin beharreko inbertsio handiak, sanitateko legeen exijentzia mailak ekoizle txikiak kanpoan uzten ditu maiz etab.
- Erosleek ez dute produktuen eta prezioen informazio osoa, merkatuan eragina duten agenteen presentzia dela eta.
- Ekoizpen faktoreak nahikoa trukagarriak izan daitezkeen arren, sektore agroindustrialeko teknifikazio maila handiak erakusten duen bezala, faktore horietarako sarbidea ez da librea.
- Oligopolio eta oligopsonio praktikek eragindako merkatuak dira ekoizleetatik txikizkako salmentara heldu arteko zirkuituak, maiz garraio eta merkatu espekulatiboen interferentziez.
- Ingurumen narriadurarekin lotutako gaietan kanpo eragin negatiboak merkatuko akats eragile bezala aitortzen dira, horiei aurre egiteko joera ekonomiko-politiko bakoitzak erantzun ezberdinak planteatzen baditu ere5.
Ondorioz, nekazaritzaren gaia merkatu libreen eta ekonomia neoklasikoaren arloan ere gai gatazkatsua dela onartzen da, zeresanik ez jabetza kolektibo, ekoizpen agroekologiko eta zuzeneko banaketen aldeko apustua egiten duten sektore eraldatzaileetan.
Merkatuak jatorrizko funtzioetara berreskalatu eta dagokien espazio ekonomikoan jartzeko esperientziak dira aztertutakoak: merkatuen oreka helburu bezala baino, giza beharrak eta behar kolektiboak asetzeko leku bezala planteatzen dira. Emaitza ekonomikoen optimizazioaren gainetik beharren asetzerako funtzioa da jomuga. Ekonomia neoklasikoaren elkartruke sisteman merkatuen esku geratuko liratekeen funtzioak, hortaz, esplizituki komunitateak autoeraketaren bitartez diseinatutako arau eta irizpideen arabera kudeatutako tresnak dira. Elkartruke espazio diren heinean, gainera, elkarlanerako espazio ere bilakatzen dira, jakintza eta baliabideen partekatzea ahalbidetzen dutenak.
Ekoizleei begira, zirkuitu luzeko merkatuetan edo elkartruke gune hauen (kooperatiba nahiz elkarte) nolakotasunak ondorengo taulan laburbiltzen dira.
Lehia perfektuko merkatuak |
Egungo merkatu distortsioak |
Elkartruke guneen nolakotasunak |
Produktu ordezkagarriak |
Produktuen diferentziazioa marka/etiketa bidez |
Produktu ez ordezkagarriak, osagarriak. |
Prezio hartzaileak |
Prezioetan eragiteko gaitasuna (oligopsonioak, banatzaile handiak) |
Ekoizleak prezio ezarleak, ekoizle ezberdinen eskaintzaz osagarritu. |
Merkatuko segmentu txikia |
Merkatuko botere kontzentrazioa |
Produktuaren eta estazionalitatearen araberakoa. |
Informazio perfektua |
Informazio falta |
Informazio zabala |
Sarrera – irteera libreak |
Kapital eta lege betebeharren sarrera trabak. |
Irizpideen betepenaren eta banaketa ahalmenaren araberako sarbidea. Legeen araberako betebeharrak. |
Merkatuko eragile utilitate maximizatzaileak |
Informazio faltak eragindako distortsioak. |
Elkarlan egonkorrean eraikitako harremanak. Ez utilitate eta lehentasunetan soilik oinarritutako irizpideak. |
Ekoizpen faktore trukagarriak |
Muga teknikoak eta baliabide mugak. |
Ekoizpen faktore ez trukagarriak: irizpideek zenbait teknika kanpoan uzten dituzte, merkatuetarako sarbide ahalmena… |
Jabetza eskubide argiak |
Betetzen da juridikoki, azken erosleei begira maiz ez da heltzen. |
Jabetza/kudeaketa egitura kolektiboak. Saretze eta interkooperazio espazioak zeharkatutako egiturak. |
Elkartruke gune hauek hainbat erronkari aurre egin behar diete egitura juridiko, instituzio ekonomiko eta merkatuko indarrek halako espazioei utzitako ekinbideak garatzeko, parte-hartze ereduak garatzeko eta funtzionamendu mekanismo komunitarioak martxan jartzeko.
Aztertutako ekimenek abiapuntu organiko ezberdinak dituzten arren (lan elkartuko kooperatibak eta kontsumo elkarteak), autoeraketaren eta kudeaketa kolektiboa autogestionatuaren oinarrizko ardatzak nahiz sektore agroekologikoko ikuskera eraldatzailea dute, gainerako sektoreekin elkarlotua ulertzen dutena. Horrez gain, haien jardunean banatzaileek merkatuan eragiten dituzten praktikak komunitate hauek ez-desiragarri kontsideraturik zuzeneko harreman eta erosketa sistemak ezartzeko egiturak sortu dituzte. Egitura ekonomiko osoa merkatu eta zirkuitu luzeko merkaturatze egitura konplexuetan oinarritua dagoenez, berebiziko garrantzia du Aztertutako proiektuak egikaritzeko praktika eta tresnen definizioak. Proiektuen biziraupenaren eta barne-konsistentziaren arteko tentsio sortzaileen emaitza izango dira hurrengo proposatuko diren garapen bide eta eszenario teknosozial hauek.
Giza beharrak eta asetze estrategiak
Egitura kolektibo horien nolakotasunak errotik merkatuen logikarekin apurtzen duen aurrebaldintza bat dute: utilitate maximizazioak baino, giza beharrak kolektiboki asetzeko eragile ekonomiko ezberdinen arteko estrategia konplexuek batzen dituzte. Etekinen maximizazioan baino lana sortzea, kontsumo eredua edo ekoizpen eredua eraldatzea nahiz parte-hartze komunitariorako espazioak sortu eta eskaintzea da helburua.
Giza-eskalako garapena proposatzen duen Max-Neef ekonomilariaren planteamenduetatik hurbil dagoen ikuskera konpartitzen dute esperientzia hauek, mikro eta giza eskalako egituratzeen aldetik, ingurumen, gizarte eta teknologiarekiko artikulazio eta aliantzen ikuspegitik nahiz beharrak asetzeko estrategien nahiz makro eta mikro eskalen arteko tentsioan. Eredu neoklasikoaren oinarrian dagoen balizko bat arbuiatu zuen Max-Neefek; sistema ekonomikoak asetuko dituen beharrak infinituak direla ukatu eta giza beharrak azaldu eta sailkatzeko eredu alternatiboa proposatu zuen6.
Behar horiek kultura eta historiako une guztietan berberak direla sostengatu zuen, testuinguru historiko batetik bestera aldatzen dena asetzeko erak izanik (satisfiers). Asetze egitura eta estrategia horietan sartzen dira, hain zuzen, aztergai ditugun egitura sozioekonomikoak eta aliantza teknosozialak.
Kontzeptualizazioan sakonago egin gabe, teknologia erabilgarriek eragin erabakiorra duten arloa da lana eta ekoizpenarena. Teknologia erabilgarriek lana sektore batetik bestera desplazatu eta eraldatzeko gaitasuna dute, baita lan berriak eratzeko gaitasuna ere. Hala gertatu zen industrializazioan, nekazaritzaren teknifikazioak gora egin ahala gero eta indar handiagoa hartzen ari zen sektore industrialerako lan indarra liberatu zuenean. Egun sektore produktiboetan geroz eta automatizatuagoa izanik, lan indarraren zati handi bat iparraldeko ekonomietan zerbitzuen sektorera desplazatzen ari da. Dinamika honen baitan, merkatu bidez esleitutako enpleguen ereduak Europan ezgaitasun sistematikoa erakutsi du eskuragarri duen lan indar guztia erabiltzeko, bereziki jakintza maila espezializatu eta eskaintzen den enpleguaren desoreken aldetik. Horren adibide da langabezia estruktural eta langabezia naturala bezalako kontzeptuen erabilera.
Egun teknologien -eta bereziki teknologia libreen- garapenak ahalbidetzen du giza beharrak asetzeko lan horien arteko aukeraketa estrategikoa egitea, beharrezko lanen eta horiek elikatzeko lanen artean komunitateei hautatzeko gaitasuna emanez. Software librean oinarritutako kudeaketa eta komunikazio tresnetatik hasita (administrazio, artxibo, datuen kudeaketa eta lan burokratikoak ordezkatzeko aurrerapausoa direnak) ekoizpen prozesuetan automatizaziorako balio dezaketen hardware eta robotikako teknologietara, “lana” hitza entzutean gure burura datozkigun adibideak aldatzen ari dira. Teknologiaren eta lanaren gainean burujabetza praktikatzen duten komunitateek lan desiragarri edo zilegien irizpidea barne hartzeko aukera eskuratzen dute. Eboluzio filosofiko kolektibo honen emaitza da leku ezberdinetan, maiz elkarren berri izan gabe, banatzaile handien eredutik eta ekoizpen agroindustrialektik at bestelako ereduen aldeko hautu kolektiboak egin eta aztertzen ari garen elkartruke guneak sortu izana, bakoitza bere berezitasunekin.
Jarraian proposatzen diren eszenarioek teknologiaren erabilerak esperientzia hauen etorkizunean izan dezaken inpaktua dute aztergai.
1. Eszenatokia. Teknologia libreen barneratze totala ekoizpen, banaketa, kontsumo eta egituraketa komunitario jardueretan.
Tresna teknologiko libreetan egindako garapen propioetan inbertsioak eginik, aurrera begirako egokitzapenak eta zabalpenak egiteko autonomia izango lukete. Tresna konkretuetara joz, fakturaziorako, komunikaziorako, ekoizleen stockaren eskuragarritasunerako, informazioa partekatzeko datu baseak, erosle-bazkideekin komunikatzeko eta salmentarako bide berritzaileak eta antzerako lanetan eragina izango luketen teknologiez ariko ginateke. Teknifikazio apustu hauek esperientzia ezberdinek kolektiboki eginez gero kostuak partekatuz egiteko aukera lukete, baita haien arteko informazio elkartrukerako mekanismoak barneratzekoa ere.
Tresna teknologikoek bi esparrutan eragingo lukete: egituratze kolektiboan eta produktu-ekoizleekin lerratutako salerosketa jardueran. Automatizazioak zenbait lan desagerrarazi/erraztuko lituzke eta informazio eskuragarriaren handitzeak lanen berdefinizio bat ekarriko luke, beste jarduera batzuetara desplazatuz. Horien artean garrantzitsuenetakoak salmenta puntuetako eguneroko lanen automatizazio eta lan administratibo-kontableak lirateke: produktuen inguruko informazio osoa jasotzeko euskarriak, balantzak, stockaren kudeaketa, salmentarako autozerbitzua bera… Guzti honen bitartez, langile/bazkideek produktuak jaso, jarraipena egin, tresna teknologikoak kudeatu, garbiketaz arduratzen jarraituta ere, ekoizleekin eta interkooperazio sareekin harremanak egituratzeko nahiz espazio komunitarioak dinamizatzeko orduak irabaziko lirateke. Are gehiago, proiektu hauen potentzial eraldatzailea hain zuzen ere ekimen komunitarioen dinamizazioan, ekoizleekin eta interkooperazio espazioetan egindako lanean dago esperientzia hauen potentzial eraldatzailea.
Interkooperazio sarrekin elkarlanean aritzeko tresnei dagokienean, konplexutasuna kudeatzeko tresnen barne hartzeak saretze estrategia konplexuagoak garatzea ahalbidetuko luke. Ahalik eta esfortzu txikienarekin informazio klabea era ordenatu, hierarkizatu eta selektiboan eskuragarri izateak; erabaki azkarrak hartzeko plataforma digital libreek; proiektu konpartituen jarraipena egiteko canva estiloko tresnak; erosketak eta fakturazioa zentralizatzeko edota wiki dokumentuak garatzeko aukerak lan eraldatzailearen potentzia kanalizatu eta eraginkortasuna biderkatu dezakete, bereziki dispertsio geografikoa dagoen sareen kasuetan. Hala, ekoizleen autoeraketa eta parte hartze espazioetatik ekoizleen figura egituretan gehiago integratu eta artikulazio kolektiboa ekoizpenera zabaltzeko aukera garatzeko aukera legoke.
Guzti horrez gain, teknologiaren erabilerak pauso bat gehiago eman eta moneta lokal elektronikoen erabileraranzko pausoak emateko aukera legoke, aberastasun komunitarioak berrinbertsioa bertan izan dezan mekanismo berri bezala ezarriz.
Amaitzeko, tokiko Ekonomia Sozial Eraldatzailearen orbitako saretze formato berrien sorrera landu liteke, interkooperaziorako bitarteko bezala moneta elektronikoen tresna erabiliz, esaterako soldaten ordainketetan etab sistema mistoak eginez.
2. Eszenatokia. Teknologien esparruan barneratze partziala, enfasia lan profesionalizatuaren garapenean jarriz.
Eszenatoki honetan tresna teknologikoen erabilera garapen estrategietan lan profesionalizatua indartzearen osagarri planteatuko litzateke. Hala, eszenario honetan bi fase edo eredu sar genitzake. Lehenean, ekimenen kudeaketa pisua eguneroko ekimenetan parte hartzen duten langile eta bazkide inplikatuenen jarduna profesionalizatzerako pausoa ematea litzateke. Eredu honetan egitura juridikoak ekimen ekonomikoaren fokua ere langileetara ekarriz, lan elkartuko kooperatiba formatuetara joko luke, parte-hartze eta inplikazio komunitariorako mekanismo ezberdin eta mailakatuak ezarriz: bazkide kolaboratzaileak, espazioen partekatzea, tokiko ESEko eragileekin saretzea etab.
Teknologiaren barnerapenari dagokionez, bazkide-langileen barne nahiz kanpo komunikaziorako, betebehar adminstratiboetarako, kontabilitaterako eta trazabilitateari nahiz stocken kudeaketari begira oinarrizko tresnen erabilerarako erabiliko lirateke. Hau da, teknologiaren papera giza lan berberak osatzea litzateke, aurreko eszenarioko ia ordezkapen edo lanaren beste arloetarako desplazamenduaren ordez.
Eredu honen bitartez erosketetarako aukera izateko bazkidetza kondizioa gaindituko litzateke eta kontsumitzaile masa potentzial zabalagoetara iristeko aukera izango lukete kooperatiba hauek. Era berean, zabalpen joera honetan baliteke produktuen inguruko irizpideen malgutze bat eman behar izatea hainbat kasutan, publiko zabalago horri erantzuteko. Malgutasun honen aldeko hautua egitea bazkide-langileen esku legoke, edozein kasutan. Hala ere, Hala ere, aurrez aipaturiko parte-hartze mekanismo horiei eman beharreko egiturazko pisua edo kooperatibaren komunitate zabalaren kohesioa mantentzeak ere baldintzatuko luke irizpideekiko malgutasuna.
Eszenario honen baitan baina probabilitate txikiagoz eta kasu isolatu bezala, bigarren eredua komunitate txikiagoetan edo kohesio nahiz inplikazio maila altuagokoetan emango litzateke. Aukera honetan ekoizle, kontsumitzaile eta langileen artean kooperatiba integral eredua garatuko litzateke. Komunitate txiki hauek egitura aski konplexua eratuko lukete, bereziki hiru faktore direla eta:
- Agente aniztasuna egitura juridiko berean artikulatua.
- Komunikazio eta informazio behar handiak kudeaketa nahiz parte-hartze ereduei begira. Barne demokrazia eta parte-hartzea egituratze beharrak.
- Ekoizle askoren interes indibidual eta kolektiboen arteko tentsioak, bereziki oso estazionalak diren ekoizpen jardueretan sor daitezkeen egoeretan.
- Teknologiaren erabilera bazkide-langileen kasuan berdina litzateke lan elkartuko nahiz eredu integralerako kooperatibetan. Barne komunikazio mailan eta ekoizleen stock kudeaketan behar operatibo konplexuagoak direla eta, baliteke harreman zuzena tresna teknologiko espezifikoagoekin osatzea.
3. Eszenatokia. Teknologien barneratze maila partziala edo baxua, enfasia antolamendu komunitario zabalean jarriz.
Garapen estrategikoa antolamendu komunitarioan jarriz gero, kontsumo elkarte egitura juridikoak eskaintzen ditu egitura aproposenak, profesionalizazioan edo lanpostuen sorreran baino elkarteak bultzatzen dituen helburuen aldeko jardun bezala egituratuz bazkide masa. Jardun hau operatiboa izateko inplikazio maila oso altuko norbanakoz osatutako talde kohesionatuak garatuko lirateke. Kohesionatze dinamika hauetan produktuen inguruko irizpideekiko zurruntasun maila eta betetze monitorizazio mekanismo zuzenen prebalentzia legoke.
Ingurune hauetan jarduera ekonomikoaren fokua ekoizleetan egongo litzateke, soldatapeko lana ezinbestekora murriztuz eta profesionalizazioa ekoizle mailara mugatuz. Teknologien erabilera ezinbesteko behar operatibo, administratibo eta komunikatiboetara bideratuko litzateke.
Gure apustua
Teknologia, lana eta lurra bezala, lantzen eta egiten duenarena da. Agroekologia komunitateekin eta ingurumenarekin loturiko eredua izanik, gure gizarteetan nagusitzea nahi badugu teknologia libreen erabileran murgiltzeko apustua egin behar duela sinesten dugu, nahiz eta eskala ezberdinetan eman daitekeen. Eskala ezberdinek lotura dute proiektuen dimentsioarekin eta fase koiunturalarekin. Izan ere, gastuak partekatuta ere, bazkide kopuru txikiko proiektuen baliabideak halako inbertsioei aurre egiteko oso mugatua da.
Teknifikazio eta profesionalizazioa uztartuko dituzten estrategien alde egiten dugu. Bigarren eszenarioan baino, lehen eszenario profesionalizatu baten alde egiten dugu. Egoera horretara heltzeko prozesu eskalonatuak ematearen aldekoak gara, proiektu bakoitzaren abiapuntu ezberdinaren araberakoak. Hala, komunitate txikietan oinarritutako proiektuek profesionalizazioranzko pausoak emanez eragiteko gaitasuna irabaziko lukete poliki-poliki, sarearekin elkarlanean.
Bazkide komunitate handiko proiektuen kasuan, profesionalizazioa epe luzeko bideragarritasunerako estrategikoa bada ere (lan elkartuko kooperatiba, kooperatiba integral etab.), teknologiak parte-hartze esparruen dinamizazioan eragiteko gaitasuna areagotu dezake, aipatutako tresna espezifikoen bitartez: wikiak, canvak, foroak eta Loomio bezalako tresnak aurrez aurreko espazioen konbinazioak. Kasu hauetan inbertsioa ezingo litzateke soilik termino monetarioetan ulertu, komunitate osoaren ahalduntze teknologikoari eskainitako energia eta baliabide bezala ere ulertu behar litzateke.
Bereziki, interkooperazio sareetako nodoen estrategia kolektiboa izan behar da:
- Elkarlanerako erabilgarria izan dadin oinarri komun minimo bat sortzeko.
- Garapen propioetarako kostuak partekatzeko.
- Aurrerantzean sortuko diren antzerako proiektuei oinarrizko tresna eta esperientzia eskaintzeko aukera izateko.
Sare bezala teknifikatuz gero, elkarlanerako hobeto ustiatzeko moduko oinarrizko azpiegitura bateragarriak izango lituzkete. Horrez gain, moneta digitalen aukera ere gero eta egingarriagoa eta estrategikoagoa litzateke, komunitate saretuei autonomia eta tokiko aberastasunean eragiteko aukerak areagotuz, nahiz interkooperaziorako eta elkartasunerako tresna komun bezala tokiko bestelako eragileekin saretzeko.
1“El sector ecológico en España 2016” Ecological kontsuloraren txostena.
2http://www.ecoticias.com/agricultura-ecologica/132751/Consumo-venta-mundial-alimentos-ecologicos-crecen-parar
4http://www.fao.org/docrep/003/x7352e/x7352e04.htm (2017-10-10) – R. Sharma, Commodities and Trade Division. Multilateral Trade Negotiations on Agriculture – A Resource Manual. Module 4. Agriculture in the GATT: a Historical Account. FAO.
5Ikus Pigouren kanpo eraginen eta Coaseren kostu sozialaren inguruko literatura zabala, adibidez.
6Max-Neef, M, (1991), Human Scale development. Conception, application and further reflections, The Apex Press, New York.