Gero eta informazio gehiago dugun arren, gero eta arazo gehiago ditugu informazio hori prozesatu eta horri lotutako erabakiak hartzeko. Informazioa sortzeko aukerak ere anitzak dira, robot bidez sortutako edo lagundutako albisteak gero eta gehiago dira.
Informazioa bistaratzeko bideak ere asko zabaldu dira eta batzuk benetan ikusgarriak dira, baina horri lotuta, antolaketa horretan laguntzeko bada berriro ere jarioak (edo RSSak) web guztietan egotea eskatzen duenik. Gure atentzioa lortzeagatik irekitako borroka honek, eragiten ari dizkigun kaltearen seinale argiak daude, erabaki serioagoak hartzeko ordua iritsi dela dirudi.
Enpresa erraldoiek, zein estatuek, gure datuen kontrola eskuratzeko estrategiei buruz ere informazio gero eta gehiago izaten ari gara. Facebookek xaguaren mugimenduak ere jasotzen dituela baieztatu du. Txinako azken asmakizuna aldiz, hiritarrak kontrolatzeko txori itxurako droneak dira. Beste behin ere, gure datuak hauteskundeetan eragiteko erabiltzen direla ere jakin dugu; jada harritzen ez gaituen espiral batean.
Dena ez da txarra izango, AEBetan telefono bidez uzten dugun kokapenari buruzko informazioa eskuratzeko kontrol gehiago ezartzea onartu dute. Droneak aldiz, intsektuek egiten zituzten lanak egiteko ere erabiltzen hasi dira; hemen dira drone polinizatzaileak.
Ezberdintasunak gero eta gehiago dira eta noski algoritmoetan ere nabaritzen dira. Gero eta garrantzia gehiago izango dute hauen lana ikuskatzea, sor daitezkeen arazoak gero eta handiagoak baitira, bereziki oinarrizko beharrei lotuta badaude. Algoritmoak guk programatu arren, lausoa da oraindik beren inguruan eraikitzen ari garena eta artea da, labainkortasun edo ziurgabetasun hori erakusten lehena.
Lanaren esparruan badira mugimendu interesgarriak. Askok elkarlanarekin dute zerikusia, beti izan den bezala bide batez: langileen enpresa berreskurapena, kooperatibismoaren irla berriak, aplikazio bidezko langileen prekarizazioaren aurkako neurriak… Bitartean Tesla, modan dagoen enpresa teknologiko eredugarriak, bere marka esplotatzen jarraitzeko, prest dago bere esplotazioak sortutako istripuei buruzko datuak ezkutatzeko.
Teknologia berri asko bidean dira, zer ekarriko duten oso argi ez badugu ere. Jendartearen onura bilatzen duen diskurtso eta praktikak falta diren honetan, garai batean espazioari begiratzen jarri ginen bezala, berriro egin genezake; arazoa gehiago larrituz edo bide itxaropentsuak irekiz. Bitartean, oinak lurrean, eguneroko arrastoek utzitakoarekin konformatu beharko gara.