Txaleko horiak: Zergak, gasolindegiak, biribilguneak eta Facebook

Juan Etxenike-ren avatar

2018ko azaroaren 17tik, txaleko horiek Frantziako Estatuko biribilguneak zein autobideetako ordaintokiak okupatzeari ekin diote, ez dira makalak estatuari sortutako arazo logistikoak, gaur egun lehen mailako krisi politikoa bilakatu arte.

Analisi mediatikoetan txaleko horien mugimendua sozialki heterogeneoa eta politikoki apolitikoa bezala definitu dute eta horregatik espektro politikoan eskuin muturrean kokatzeko joera dute. Hainbat piketeetan, trafikoa iragazten ari zirelarik, gelditzeari uko egiten zioten hainbat gidarien kontrako adierazpen arrazistak eta homofoboak aditu dira. Ondorioz, Frantziako gobernuko bozeramaileak ez du denborarik galdu adierazpen horiek gaitzesteko. Bestetik, erregaiaren gaineko zergaren aurrean altxatu den mugimendua denez, mobilizazio honi ingurumenaren aurkako jarrera leporatu zaio.

Orduan. Nola interpretatu Frantziako errepideetan gertaturikoa? Zein klaseetako kideak dira txaleko distiratsua eramaten dutenak? Zein zonaldeetan gertatu dira mobilizazio handienak? Zertaz mintzatu dira sare sozialen bidez antolatu direnak?

Medioen azaleko analisien aurrean sakonagoak diren ikerketen beharra daukagu, Frantziako Estatuan gertaturikoa modu zorrotza eta zuzenean ulertu nahi badugu. France Culture irrati publikoak argitalpen akademiko ezberdinetako zientzia sozialetatik eratorriko txostenak bildu ditu erretratu-robota egiteko asmoarekin.

1. PROFIL SOZIOLOGIKOA

Contretemps izeneko kritika komunista bultzatzen duen aldizkariak Benoit Coquard soziologoaren elkarrizketa argitaratu du. Coquard nekazari zonaldeetako ikerlari soziala azaroaren 17an piketeetara hurbildu zen. Bertakoekin hitz egin ondoren honako ondorioak atera zituen:

  • Mobilizazioaren indar numerikoa: “Jende asko atera zen, batez ere dentsitate demografiko txikia duten zonaldeetan, eta hori, kontuan hartuta bertako mobilizatzeko ohitura txikiagoa dela”.
  • Emakume eta gizonen kopuru parekatua: “Nekazari guneetan, mobilizatzeko orduan, tradizionalki gizonak nagusitu dira, eta kasu honetan emakumearen agerpen indartsua nabaritu da”.
  • Herri klaseekiko partaidetza: “80 pertsona elkarrizketatu ditut. Langileak nagusiak diren zonaldea izanik sektore pribatuko ogibide ertainekoak, artisauak, nekazariak, herri klaseen pertsonak agertu dira: enplegua duten emakumeak eta lantegietan lan egiten duten gizonak. Batzuek lantegi handitan lan egiten zuten eta asteburuan etorri dira, arratsaldean enpresa ertain eta txikiko langileek ere agertu ziren”.
  • Homogeneitate handia: Hedabide nagusietako analisiek mobilizazio saski-naski bat aurkezten dute, horrek irakurtezina, ulergaitza, kontraesankorra eta zalantzan jartzen du mezu nagusia. Coquard-ek belaunaldi ezberdinak nabari baditu ere, bizi modu hurbilak aurkitu ditu, “antzeko gustuak dituzten bizilagunak, egunero topo egiten dutenak, eta munduaren bisioan ados daudenak”. Piketeetan komunitate bereko lagunek topagunea aurkitu dute. Pasatzen ari ziren gidari gehienek bat egin dute, liskarrak salbuespena izan dira, baina hedabideetan dimentsio handiegia hartu dute, elkartasuna erakutsi dutenen gainetik. Gainbehera demografikoa bizi duten tokiak dira, bertakoen elkargune ziren jatetxeak itxi zirelarik, elkarteak bertan behera geratu ziren eta ondorioz, piketeak topaleku berri bihurtu dira.
  • Orientzazio politikoari dagokionez, Coquard-ek eskuin muturra edota politika ezarekin harremanetan jartzerako orduan, prezipitazioa eman dela salatzen du. Egia da, txaleko horiek ez dute sinesten alderdiek eta sindikatuek politikan parte hartzeko moduetan: “Sindikalista asko murgildu badira, bere erakundeko pegatina kenduta joan dira, izan ere herri mailan erakunde horiekin botere eta sistemarekin nahastuta ikusten baitira”.
2. FRANTSESAK ETA ZERGAK

Frantsesak zerga politikarekin duten harremana aztertu du Alexis Spirerek. Frantziako historian hainbat eragile zalantzan jarri dute estatuaren zergaren inguruko politika, besteak beste 1950ko Poujadistak, 1970ko Nicoudeko artisauak, 2012ko startup-etako zuzendariak. Mobilizazio horietan erakunde profesional batek deitzen zituen bere kideak.

Kasu honetan, lanbideen ikuspuntutik mugimendu anitz baten aurrean aurkitzen gara, gainera lurraldeari dagokionez oso dispertsatuta, ez du bere antolakuntzarako erakunde profesionalak baliatu, ezta, betiko mobilizaziorako sareak erabili. 2016an ere, soziologoak nabarmentzen duenez, bi manifestaziok bat egin zuten autonomoen erregimen orokorraren aurka. Egoera honetan, erregaiaren prezioaren txinparta sua piztu du hiritar anitzen artean eta ez zuzenki inplikatuta egon daitezken profesionalen artean bakarrik, hots garraioarekin harremanetan daudenen kasuetan.

Proposamen hauen artean, dio Spirek, ez dugu zertan autoaren muturreko babesa bilatu behar, ezta erregaiaren prezioaren inguruko kezka. Aitzitik, hemen gertatu dena zergaren aurkako erreakzioa bat izan da: erregaien tasaren aurka mugitzerakoan, txaleko horiak ez dira jartzen zergaren aurka, zergaren inposizio desorekatuaren aurka baizik.

3. MINAREN KARTOGRAFIA

Kartografiari erreparatuz, Hervé Lebrasek bere analisia argitaratu du Nouvel Observateur aldizkarian. Bere ustez, mobilizazioen mapak ez du bat egiten eskuin muturraren bozka gehien bildutako eremuen banaketa geografikoarekin, ezta Frantzia peri-urbanoa bezala ezagutzen denarekin (hiri handien inguruko auzo eta herri erresidentzialekin). Aitzitik, poblazio gutxieneko departamentuak dira gehien mobilizatu direnak, eta mobilizazioa gora doa, hiri handietatik urruntzen garen heinean.

Ardeche-tik Euskal Herrira doan “Hutsunearen diagonala” baten aurrean ginateke, hau da biztanleria gehien galtzen dituzten lurraldeak, eta hori dela eta, bertako hurbileko zerbitzu sozial eta publikoak desagertuz joan dira.

Aitzitik, Hervé Le Brasek Marine Le Penek bere boza gehienak mediterraneoko kostaldean zein Frantziako iparraldean jasotzen dituela gogoratzen digu.

4. SARE SOZIALEN ANALISIA

Sare sozialetako jarduerari dagokionez, Toulouseko unibertsitateko lau ikerlariek, software baten laguntzarekin, 2 miloi txio eta 29188 Facebook-eko bidalketak zein iruzkinak filtratu dituzte. Hedabideetan ingurunearen aurkakoez, arrazistez eta apolitikoez hitz egiten diguten bitartean lau ikerlariek (Brigitte Sebbah, Natacha Souillard, Laurent Thiong-Kay, Nikos Smyrnaios) erakusten dute 2.0 motako mobilizazio hiritar bat dela.

Lexiko arrazista erabat desagertuta dago, baita eskuin muturraren hiztegiaren falta nabaritu dute. Aitzitik, hedabide nazionalekiko jarrera eszeptikoa erabatekoa da.

Lau analisi soziologiko hauek hainbat hedabidek emandako azaleko irudia ukatzen dute eta egoera asko konplexuago suertatzen da. Galdera da, noraino mugimendu honek aukera izanen duen sakoneko aldaketa bat egiteko Frantziako Estatuan.

Iruzkinak