Garapen handi berriak – Silicon Valley dugu horren erakusle – erabat aldatu ditu milioika pertsonen bizi- eta lan-baldintzak. Biolentzia hori forma zitalean datorkigu berriro.
«Faxismo alemana ulertzeko, Ricardoren Ingalaterrara itzuli behar dugu». Halaxe zioen Karl Polanyi-k bigarren Mundu Gerran, erregimen nazi-faxistek basati kolpatu zutenean. David Ricardo seinalatuta – liberalismo ekonomikoaren aita zen Adam Smith-ekin batera – , hainbat idiekin lotzen zuen Polanyik XX. Mende bortitza: pribatizatutako komunekin, Manchester hiriko fabrikekin, XIX. Mendeko inperialismo kolonialarekin… Orduko hartan, autorregulatutako merkatuen utopiak eta ekonomia politikak munduko gizarteak pitzatu zituen, gerran eta totalitarismoan murgildu arte. Zer esango luke Polanyik XXI. Mendean? Honakoa, agian: Trumpen, Bolsonaroren edo Casado-Rivera-Abascalen neofaxismo populista ulertzeko, begirada Silicon Valleyn jarri behar dugula, Jeff Bezos, Mark Zuckerberg eta kapitalismo digitalaren gainontzeko kapitainen gainean.
Nork pitzatzen ditu egungo gizarteak? Nork sustatzen du neofaxismo populistaren beharra? Munduan ordena ekonomiko, politiko, sozial eta kultural berri bat inposatzen ari den ekonomiak. Datuen kapitalismoak, produkzio eta erreprodukzio modu sistemikoak, muga guztiak hautsi ditu kapitalaren metaketa pribatuaren alde. Herrialdeen subjektibotasuna modelatzen du maila psikologikoan, ekonomikoan, politikoan eta kulturalean: «zaintza kapitalismoa» (Shoshana Zuboff). Lotura soziala lotura teknologikoan subsumitzen du: «mundua interfaze gisa» (Ingrid Guardiola). Pertsonen jarduera guztiak monopolizatzea bilatzen du, produkzioa, banaketa eta kontsumoa baldintzatuz, produktibitatea eskaini gabe eta arrisku-kapitala parasitatuz: «plataforma kapitalismoa» (Nick Srnicek).
Amazon, Facebook, Google, Uber edota Airbnb-k erregulazio kolektibo guztia apurtzen du (Gizarte Segurantza? Zergak? Lan-eskubideak? Sindikatuak?), lan-indarra nahaspilatzen du, sektore produktiboak, kultura lokalak, pertsonen kolektibitateak.
Merkatu-gizartearen utopia liberala berriro asmatu dute, oraingoan digitalean. XIX. Mendean, Europan, historiako berritasun erradikal gisa aurkeztu zuten utopia hori. Baina ez zuen arrakastarik izan zibilizazioan, eta aurre egin zioten lege sozialekin, eta langileen mugimendu sozialista eta anarkistari esker. Mugimendu horrek kontrapisu egin zion nihilismo ekonomizistari, eta loturak indartu zituen ateneoekin, sindikatuekin, mutualitateekin eta kooperatibekin. Polanyik zioenari jarraikiz, XIX. Mendeko liberalismo ekonomikoaren triskantzak XX. Mendeko faxismoaren oinarriak finkatu zituen. Beraz, zein da egungo utopia liberalaren eragina? Utopia liberal horren erakuslea plataforma kapitalismoa da, krisiaren errautsetatik sortutakoa. Nola eragiten die munduko gizarteei are indibidualistagoa den paradigma bat ezartzeak?
Garapen handi berriak erabat aldatu ditu milioika pertsonen bizi- eta lan-baldintzak. Biolentzia hori forma zitalean datorkigu berriro. Kolektibismo erreakzionario eta abstraktua itzuli da: gizarte ez digitalak isolatzen eta ahultzen ari dira, ziurtasunak azeleratu eta disolbatzen, indibiduo asko komunitate gabe gelditzen. Kolektibismo berri horrek ez du boterea kuestionatzen, indartu baizik. Salbazioa eskaintzen du, baina era berean, azpian duena zapaltzen du, komunitate autoritario bat idealizatzen du, aniztasunik gabekoa, berdintasunik gabekoa, klase-botereak hierarkizatutakoa, matxista, arrazista, abertzalea edo nazionalista erlijiosoa. Berriro faxismoa da: baina, oraingoan, erregulatu gabeko kapitalismo digitalaren interfaze lagunkoiak diruz babestutakoa da. Eskuin ultraliberala da.
BIDEGURUTZE FALTSUAREN AURREAN: EMANTZIPATZEKO KOLEKTIBITATEAK
Zein indarrek hausten dute liberalismo ekonomikoaren eta faxismo politikoaren arteko bidegurutze faltsua? Eta emantzipatzeko kolektibitateak sortu? Non sortzen da kolektibitate demokratiko eta solidario berri bat?
Feminismoak. Faxismo patriarkalaren aurkako barrikada globala da. Faxismo patriarkala gizon zuri heterosexualaren arma da, eta ez du galdu nahi nagusitasun hori, ezta horrek ekartzen dizkion abantailak ere. Indiatik Argentira, Kurdistandik Nigeriara, Ciudad Juarezetik Iruñeara, emakumeak altxa egiten dira, hil egiten dituzte eta patriarkatuaren kontrairaultzaren gainetik bizirauten dute. «Maskulinitatearen aginte krudelaren aurkako kontrapedagogia» (Rita Segato), opresiorik gabeko gizarte baten zirriborroa: «Internazionalismoari kontzeptu berri bat ematen ari zaio feminismoa» (Verónica Gago). Emakumeen arteko babesak eta horizontalitateak lotura komunitarioa indartzen badu, greba feministek denontzako eskubideak lortzen dituzte. Ekofeminismoa, gainera, ezinbestekoa da «zibilizazio kapitalistaren kolapso ekologikoaren norabidea okertzeko» (Yayo Herrero).
Historiaren penduluaren efektu zinikoa: egungo politikak ez du poza eta esperantza transmititzen, konfiantza eza eta beldurra dira atzerakada politiko, ekonomiko eta kultura ongien definitzen duten «tonalitate emotiboak».
Munizipalismoa. Munizipalismo eraldatzaileak komunitate lokalak indartzen ditu eta oinarrien autoantolatzea sustatzen du, administrazio lokalak ondasun komunen zerbitzura jarrita, edota erakunde autonomo komunetatik. Kapitalismo globala erregulatzeko aliantza mundialak sortzen ditu, eta estatuen inboluzio autoritarioa aurre egiten dio. Parte-hartze politikoa demokratizatzen du eta eskubide sozial berriak ezartzen ditu: ultraeskuin ultraliberalaren aurkako antidotoa da, baita kontraboterea ere. «Herri erreboltariek osatutako konfederazio global batek baino ez gaitu aterako neoliberalismoaren espiral hilkorretik» (Debbie Bookchin).
Kooperatibismoa. Hegemonia ken ziezaiokeen langile klasea desartikulatzeko, 1970. urtean kapitalismoak berrantolatze sakona hasi zuen. Hortik sortu zen lan-harremanen indibidualizazioa. 2008. urteko krisiaren ondoren: lanaren eta produkzioaren deskonposizioa indartu dute kapitalismoaren azpiegitura digital monopolistek. Hala, berriro antolatu ditu euren balio-katearen menpe. Nola osatu berriro produkzio soziala matrize emantzipatzaile batean? Kooperatibismoak – lana, kontsumoa, etxebizitza, kreditua… – bide bat erakusten du sormena eta aberastasunaren banaketa erkidetzeko: produkzio sozialera bideratutako baliabideen jabetza kolektiboa, kudeaketa demokratikoa eta soberakinaren sozializazioa. Horiek guztiak ekonomia sozial, solidario eta eraldatzaile baterako oinarriak dira. Ekonomia horretan asoziazionismo kooperatiboak, komunitarioak, mutualistak– eta sindikalak– ekonomiaren demokratizazioa eta oinarritik hasitako trantsizio ekologikoa eutsiko ditu, oinarri-oinarritik.
Antiarrazismoa. Nola izan liteke posible aberatsenen %1ak aberastasunaren gaineko kontrol neurrigabea izatea? Keeanga-Yamahtta Taylor-ek badu erantzuna: «Banaketa eta dominazio prozesu batekin, non helburu hori lortzeko, arrazismoa den opresio nagusienetakoa». Arrazismoa kapitalismoaren arma ideologikoa da Ngugi wa Thiong’o-rentzat. Langile zuriak identifikatuago sentitzen dira «kapitalaren zuriarekin, lanaren beltzarekin baino».
Errealitate psikologikoa, kulturala, politikoa eta ekonomikoa. Arrazismoa bihurtzen da palanka nagusi erreakzionarioen eta faxisten artean boterera iristeko. Komunitatearen haustura faxistaren aurrean, arrazakeriaren kontrako mugimenduek eta pertsona migranteen eskubideen aldekoek kolektibitate anitza bermatzen dute, eta arrazan oinarritutako desberdintasunen aurka lan egiten dute.
KONTRAZIKLOA: INDAR GLOBAL ERALDATZAILE BATEN ALDE
Duela urte batzuk ez bezala, guri bizitzea tokatzen zaigun zikloa kontrairaultzailea da, eta ultraeskuin globalarena. Historiaren penduluaren ondorio zinikoa da, egungo garai politikoak ez ditu ezaugarri poza eta esperantza, konfiantza eza eta beldurra dira bere «tonalitate emotiboak» (kontzeptu hori Paolo Virnok sortu zuen Italiako berun-urteei erreferentzia eginez). Bi hitz horiek erabiltzen ditugu atzerapauso politikoa, ekonomikoa eta kulturala definitzeko. Badirudi populismo faxistek masen zentzu komun berri bat gorpuzten dutela: segurtasuna tronuratzen dute – era berean justizia eta askatasunak sakrifikatuz –, mundu mailako beldurra eta ziurgabetasuna arintzearen izenean.
Baina ez da zentzu komun berri bat. Faxismoaren gorakada ez da kasualitatea. Oraingoan, besteetan bezala, liberalismo digitalak eta datu-kapitalismoak sortutako eta indartutako ondorioa da. Hegemonia berriarekin sortu dituen krisiak gobernatu nahi ditu – politikoak, ekonomikoak, sozialak, ingurumenari dagozkionak –. Berriro, Verónica Gago: «Gaur egun mikropolitika faxista behar du neoliberalismoak». Beraz, zikloaren logika zeharkatuz, «munduaren siliconizazioaren» (Éric Sadie) txikizioa irauli behar da. Eta «merkatu-indibidualizazioa / artaldekeria faxista» (Éric Sadie) binomio faltsua eraldatu, indar lokal eta mundialekin. Dagoeneko zirriborratzen ari dira kolektibitate eraldatzaile, solidario, emantzipatzaile eta demokratizatzaile bat. Ez bakarrik faxismo globalari aurre egiteko, baizik eta kapitalismoaren alternatiba berritu baten oinarriak finkatzeko: oinarri materialak eta existentzialak, politikoak eta kulturalak.
Egilea: Ivan Miró
Itzultzailea: Nagore Vega
Artikulua (cc-by-sa): https://www.elsaltodiario.com/opinion/ivan-miro-capitalismo-digital-neofascismo-alternativas-colectivas