ZiFi eta fantasia telebistan: Expanse eta Magicians

,
Xabier Landabidea Urresti-ren avatar

Lagun batekin eztabaida dut The Expanse eta The Magicians telesailen inguruan. Nik maite ditut. Berak ezin ditu ikusi ere egin.

Aspergarriak eta txarrak direla dio berak, saiatu dela ikusten, baina ezetz, ezin. Nik ostera zientzia zikzioaren eta fantasiaren auzo-generoen baitan egiten oso zailak diren gauzak oso ondo egiten dituzten lan bi direla esaten diot.

Ez dakit -ez batak ez besteak irakurri ez ditugulako- telesailek oinarri dituzten James S. A. Corey eta Lev Grossmanen liburu sailekiko ere antzerako ezberdintasunak izango genituzkeen lagunak eta biok. Agian ez.

Edozelan ere une honetan “telebistan” ikus daitezkeen fikzio zientzia eta fantasiazko testu puska bi dira.

The Expanse: eguzki sistema kolonizatu dugu, baina oso baldintza ezberdinetan: Lurra, Marte eta meatze lanetarako periferiako asteroide eta estazioa: Gerrikoa, edo “The Belt”.

  •  Euskaldunak agertzen dira. Espazioan. Eskupilota jokoa dago ontzietan eta lehen denboraldiko pertsonaia bat (hiltzen dena) Bizi Betiko deitzen da.
  •  Genero beltza bezain beltza da.

The Magicians: Magiak ez ditu arazoak konpontzen, alderantziz, lehen munduko elite magikoko kidea zarenean.

  •  Umore landua eta aurreikusten zaila.
  •  Dena. Beti. Joan daiteke okerrago.
  •  Beti susmatu izan dut keinu hizkuntza hitz egiten duten pertsonak aztiak direla.

Bigarren denboraldian harrapatzen ditu sarrera honek biak, eta nire aholkurik nahi bazenute, merezi dute.

The Expansen lehenengo denboraldia latza da, ehundura sendo eta indartsu bat eutsi lezakeen espartzuzko hari bat bezain latza; baina oso ondo lortzen du bestelako denbora batzuk eraikitzea: espazioaren denborak, beste urgentzia eta beste eskala batzuk, eta harrapatzen zaitu, bere ausardian.

The Magicians txotxoloagoa da. “Lokalagoa” nahi baduzue. Munduan sorginak/aztiak/magoak denadelakoak daude, baita beste existentzia plano, dimentsio eta erreinuak ere (mitologia eta arau ontologiko ezberdinekin, noski, eta non agertu daitekeen adibidez Renart azeria); baina bestelakotasun baten zentzua ondo eraikitzen du, ezinezkoa sinesgarri bihurtzen du, fantasiaren lana betez.

Fijatu une batez blog sarrera hau ilustratzen duten azaleko bi irudietan. Bietan bi emakume flotatzen, suspentsioan, espazioan bata, airean bestea. The Expanse-eko Julie Mao eta The Magicians-eko Julia Wicker.

Julie Mao. Zuzenean ikusi ez baina zeharka ezagutuko dugun The Expanse-eko benetako protagonista (agian).

Julie eta Julia. Kasualitatea ote? Bi emakume. Bi protagonista. Bi borrokalari. Bi galtzaile, unibertso arraro, mehatxari eta ulertezin batean. Bi telesailen azaletan ageri diren bi pertsonaia klabe, zintzilik, dilindan, zientzia fikzioaren eta fantasiaren oinarrizko operazioaren alegoria bezala: ohiko arauek ez dute balio, ohiko errealitatea suspentsioan jarri dugu, eta tarteko egoera horretan, etenaldi horretan dago borroka, bere garaipen eta derrota guztiekin.

The Magicianseko Julia Wicker. Edo “Dena-Beti-Joan-Daiteke-Okerrago”.

Merezi al dute? Baietz esan beharrean nago. The Expanse eta The Magicians gure errealitate ustez bakar honen etenaldi ariketa inteligente, dotore eta umore eta minez gurutzatutako testu garaikide ederrak direla, pertsonaia ederrez betetakoak.

Murgildu zaitezte. Utzi zuen buruari unibertso ezinezko baina sinesgarri hauetan libre flotatzen… Eta bilatu etxerako bidea, ahal baduzue.

Iruzkinak