Etorkizuneko nostalgia sortzeko artefaktoa

Gaur egun egoera zein den, eta etorkizun hurbilean bide honetan zer egin daitekeen proposatzen saiatuko gara, etorkizun posibleak aurreikusi eta sortzeko asmoarekin. Ezin gara hasi azken urteetan mundu mailan eta gure kasuan Euskal Herrian bizi dugun krisi ekonomikoa aipatu gabe, eta aipatzen dugu oso garrantzitsua delako lantzen ari garen gaia ongi kokatzeko. Krisitik ateratzen omen ari garen honetan, krisiak beste era batera jarraituko duela iruditzen zaigu edo behintzat orain arte ezagutu dugun paradigma sozioekonomikoa betiko aldatuko du. Esan daiteke aro aldaketa batean murgildurik gaudela, eta aldaketa hori ondo identifikatu behar dugu etorkizuneko erronkei ondo erantzuteko.

Agertoki berria, prisma ezberdinak dituen krisiek markatuko dute; krisi finantzarioa, ekonomikoa, ekologikoa, energetikoa, zaintzarena, demografikoa ere baden honek, lan honen kasuan hiru esparrutan duen eragina aztertuko dugu: arlo ekonomikoan, jendartean, eredu politiko-instituzionalean. Eraginarekin batera, esparru bakoitzak sortzen diren erantzuteko beharrak ere identifikatzen saiatuko gara.

Egoera ulertzeko ezinbestekoa da, aldiz, jendartea orain arteko eskema publiko-pribatutik ateratzea. Alde batetik, errekonozitzen ez den, herrigintzari, ekonomia ez-formalari edota ekonomia sozialaren barneko izaera eraldatzailea duten ekimenei lotutako beste espazio bat marraztea falta delako. Hor agertzen zaigun eskema soziala deitzen dioguna. Bestetik, alor pribatuak neoliberalismoaren garaian, eremu publikoari esparrua jan dio edota berau baliatuz kontzertazio publiko-pribatuaren bidez errentak ziurtatzeko koptatua izan dela argudiatzen dugu.


Beti existitu izan den, baina errekonozimendu formala jaso beharko lukeen beste espazio horretaz gain, intersekzioan beste espazio bat ere badu. Gehienbat azken alor honek susta dezakeena, baina publikotik indartu beharko litzatekeena eta pribatutik elikatzeko ere aukera ematen duena. Laugarren espazio hori, gure ustez erdigunean kokatu beharko litzatekeen hori, komunen espazioa da. Espazio berezia, intersekzionala delako, denok erabili eta elikatu, baina inork bakarka koptatu ezin duen espazioa izaki. Hor sartzen ditugu komunak diren ondareak, baita atzipen irekiko baliabide publikoak, libreak diren ekarpen pribatuak… Komun zaharrak ez ezik, komun berriak, horietako askok ere osatzen dute espazio hau, eduki askeetatik hasi, software libretik pasatu eta kudeaketa publiko-kooperatibo-komunitarioa duten azpiegituretaraino.

Zehazki, trantsizio eredu baterako, azken hori da proposatzen dugun eredua. Gure izaera markatuko duen ekonomia partekatu bat. Jendarte bezala, izana ezin bilakatu baino, etorkizunera proiektatu eta kohesiorako identitatearen parte izango diren eredu ekonomiko, jendarte bizi eta egitura politiko-instituzional berriak sortu behar ditugu horretarako; balore berrietan oinarrituz, identitate komun bat eraikiko badugu.

Ekonomia partekatua

Ekonomia Partekatua trantsizio eredu bezala kontsidera daitekeen proposamena da. Sektore publiko eta kooperatibo-komunitario horien artean, bakoitzaren esparrua babestuz eta ez ordezkatuz, kontzertazio publiko-pribatuari aurre egingo dion aliantza estrategikoa proposatzen dugu.

Horretarako, ekonomiaren ardura partekatua behar du izan, ahalduntzean oinarrituta, ekonomiari buruz ezagutza edo intuizioa izatea behar beharrezkoa bihurtzen da horrela. Orain arte, ekonomia ulertu ezin den eremu konplexu bat bezala aurkezteak, aldiz, gure esparruetatik kanpo dagoenaren sentsazioa izatera eramaten gaituen bezala, ekonomiaren jabe eginez, ardurak eta eskubideak partekatuz gero, gure eskuetan har dezakegu etorkizuna, baita ekonomikoa ere.

Eredu honek bi erreietan, publikoan eta kooperatibo-komunitarioan, ibiltzeko aukera ematen digu, bi horietan jokatuz instituzioetan zor zaigun aitortza instituzional guztia izan gabe ere aurrerapenak egin ahal izateko; edota irudimena erabiliz, atzeraezinak diren erabakiak hartzeko aukera gehiago edukitzea posible egiten du. Honek ez du esan nahi botere instituzionalari uko egiten zaionik, gutxiago oraindik, honen izaera publiko garrantzitsua baztertzen denik. Aukerak biderkatzeko estrategia honen helburua, beste era batera ezinezkoa liratekeena posible egitea besterik ez da.

Bi eremuak sinkronizatzen diren momentuan, aldiz, programa osoa inplementatzeko aukera emango luke estrategiak. Aldi berean, ekonomia kooperatibo-komunitarioko sektore batzuetan botere instituzionalarekin harremanak izateko duten beldurra uxatu beharko luke, behintzat, plazaratu. Botere instituzionalak, bi errailetako bat bezala ulertuta, ezinbesteko ere bihurtzen du botere politikoa ere bilatzea, helburuak osotasunean lortu ahal izateko.

Bi arloen arteko aliantza bat denez, eremu publikoaz gain, ekonomia kooperatibo-komunitario horren izaera zein izan behar duen eta nola egituratu behar den proposatzera ere iritsi beharko luke ereduak. Eremu publikoan eredu ezberdinak nahiko zehaztuta dauden bitartean, sozial bezala definitu dugun ekonomia pluralen multzo edo esparru horretan kokatzen diren agenteak eta esperientziak oso anitzak dira. Ereduaren aniztasuna saretzeaz gain, eremu horretan eredu erreferenterik sustatu beharko balitz, eredu hori dudarik gabe ESE Ekonomia Sozial Eraldatzailearena litzatekeela ere uste dugu.

Ekonomia mota honek, erresilientzia handia izateaz gain, frogatu du edozein sektore eta arlotan eragiteko gaitasuna duela. Egoera berrian, orain arteko kapital-lana arteko talka, kapital-bizitza artekoa dela ulertzen badugu, ereduak zehazki horri erantzuten dio, pertsonen bizitza eta beren beharrak erdigunean jarriz. Ekonomia Sozial Eraldatzaileak gure bizitzarekin egiten duen bezala, gure helburua litzateke, beraz, beste ekonomia eredu justuagoa barne duen eredu berri hau erdira ekartzea. Ekonomia Partekatuaren aliantza estrategiko honetan posible denean, baina baita aldebakartasunean egin beharko balitz ere, euskal ekonomia ereduaren parte zentral eginez.

Arlo honetan egiten diren aurrerapausoak ez dira soilik ekonomiaren esparruan gelditzen, estatugintza eta prozesu independentista baterako sostengu eremuak ere izan daitezke; nahiko ez badira ere, inoiz ez alferrikako lana. Frogatua dago, Ekonomia Sozial Eraldatzaileko ereduak zentralitate osoa eskuratu gabe ere, ekonomiaren parte garrantzitsu bat hartuz gero, beste ekonomia eredua ere kutsatzeko gai da eta hori abantaila nabarmena da honen alde.

Ekonomia Partekatuaren eskeman funtzionatzen ari bagara, horren kanpo gelditzen direnentzat estrategia ezberdin bat ere proposatzeko beharra dago. Estrategia ezberdina bat bai, baina hau ere ESEren parametroetara ekarriz eta ahal den guztietan aipatutako beste laugarren esparru komun horretarako ekarpenak bilatuz egin behar da. Horrela, enpresetako lan baldintzak salatu, erreprodukzioaren gaia eztabaidetan txertatu, prekarietatea desagertzea bilatu, oinarrizko errenta eta integraziorako mekanismo propioak indartu, parte-hartze ereduen eztabaida mahai gainean jarri, produkzio baliabideen jabetza sustatuko duten ereduak sostengatu eta batzuetan enpresen eredu eraldaketak proposatzeko bideak pentsatu beharko dira.

Udalgintza berria

Egitura instituzional guztiei begiratu baino, herrigintzan jendartetik gertuen daude udalei eta horien artean eraiki daitezken sareei begiratzea erabaki dugu. Azken urteotan, 2011tik 2015erako zikloan, bi kolpetan ikusi da gaur egun arteko sistema instituzionalaren funtzionaltasuna gero eta gehiago dudan jartzen dela, arlo askotan, baita tokiko mailan, udaletan.

Jendarteak, gardentasuna, parte-hartzea, baliabide publikoen erabilera edo kontrol herritarra eta demokratizazioa bezalako kontzeptuak gero eta gehiago erabiltzen ditu. Hori horrela izanda, garrantzitsua da kontzeptu berri horiek atzean duten benetako beharra identifikatu, eta egiten diren plangintza eta proposamen berriak paradigma berri honetan txertatzea.

Paradigma aldaketak zuzenean eragiten die instituzio publikoei, eta bereziki herritarrengandik hurbilen dauden instituzioei. Horrela Joan Subirats irakasleak egiten duen diagnostikoa ekarriko dugu hona:

Gaur egungo jendarteak baditu arazoak egungo administrazioek, beste garai baterako eraiki eta pentsatuak, konpondu ezin dituztenak. Zurruntasun instituzionalak, burokraziak, departamentu estankoak… instituzioen Akilesen orpoa dira, eta arazoak ematen dizkiete haiengana konponbide bila jotzen duten herritarrei. Honen aurrean instituzio eta herritarrekin sare moduan lan egiteko beharra dago.

Baina nola egin lan sarean gaur egungo instituzioekin? Ezin da, udalgintza berri bat behar da, demokratizazio etengabean lan egingo duena, sarean.

Paradigma berrian, eta instituzionalitate berri baten beharra detektatuta, udal mailako instituzioen papera garrantzitsuagoa bihurtzen da, izan ere, herritarrengandik gero eta urrunago dauden instituzioen aurrean, udalgintza berria da beste maila instituzionalen aurrean eragile eraldatzaile bihurtzen dena, eragile demokratizatzailea. Gainera paper berri hau esparru guztietara zabaltzen da, ez orain arte udal konpetentziek hesitutako esparruetara, herritarrei modu globalean eragiten dieten arlo guztietara baizik.

Horrela, instituzioek eta herritarrek osatutako sareek ekonomiaren demokratizazioan, adibidez, sekulako papera (eta lana) dute. Azkenaldian zabaltzen ari den moduan, eta Catalunya, Italia, Frantzia edo Quebec-en egiten den bezala, udalgintza berriak badu zeregina. Euskal Herrian ere badira eragile eta proposamen bide hau hasteko.

Udalgintza berriaren bidea hasi nahi luketen herriak egon badaude, eta eraldatzeko erabakia hartzen dutenak ez dira bakarrik egongo bide horretan. Bartzelona, Cadiz, A Coruña, Compostela, Zaragoza, Madrid, Badalona, Iruñea, Hernani edo Errenteria hasi dira ere bide honetan, eta udalgintza herritarrentzako eraldaketarako tresna bezala ulertzen duten beste hainbat udal gehituko dira, gainera.

Gaur egun onartzen hasi da hiriak direla estatuak baino eraldaketarako espazio preferentziala, eta hori frogatu da mundu mailan gertatu diren azken urteetako mugimendu nagusietan. Mugimendutik eraldaketara bidea egiteko, ordea, mugimendu sozialen eta udal egituren koordinazioa behar da; hala, batzuk Ciudades del Común edo guk Udalgintza Sozial Eraldatzailea deituko duguna eraikitzeko. Eta zer da Udalgintza Sozial Eraldatzailea, zein bereizgarri ditu?

  • Komunetik, herrigintzatik datozen praktikak aitortzen eta babesten ditu.
  • Biltegi eta plataforma digital/presentzial parte-hartzaileak eraikitzen ditu.
  • Marko juridiko malguak sortzen ditu herritar, herrigintza eta kooperatibismoarentzat.
  • Publiko-komunitario-kooperatibo paradigma onartzen du, gaurko publikoa-pribatua paradigmaren aurrean.
  • Errekurtso ekonomikoak eskaintzen dizkio eremu komunari, kooperatibo-komunitarioari.
  • Eredu ekonomiko sozial eraldatzailea sustatzen du.
  • Intermunizipalismoa garatzen du, Udalgintza Sare Eraldatzailea.

Azken finean, oinarrizko printzipioekin sare indartsua sor daiteke, elkar onartzen/aitortzen duten udalen elkartasun sarea.

Hitzetatik ekintzetara bidea egin behar da, ordea, eta horretarako bideratutako tokiko estrategiak landu beharko dira. Horretarako baditugu eskala handiagoko ereduak ere, udal mailara ekarri daitezkeenak: FlokSociety da bat.

Oso modu xumean has daiteke bidea, pixkanaka zabaldu eta eraginkorragoa bihurtuz; udalgintza berria eta jendarte bizia sortuko duena, denon artean denontzako herri hobeak egiteko.

Jendarte bizia

Krisi ekonomikoak jendartean ere eragin handia izan du, eta orain arte normaltzat ematen ziren hainbat babes eta kohesio sozialeko egitura kolokan ere jarri ditu. Kontsumoan oinarritutako kapitalismoak eragin duen jendartearen fragmentazioak eta pertsonen indibidualizazioak lehenago existitzen ziren hainbat erantzun eta babes kolektiboko egitura ere higatu ditu, eta horrek gogorragoa egin du krisiaren eragina.

Egoera honetan, indibidualizazioaren ondorioz, ardurak ere indibidualizatu egin dira eta pertsonek gero eta zailagoa ikusten dute edozein alternatiba posible egitea. Horregatik bihurtzen da pertsonek jendartean, gizarte zibilean, izan dezaketen parte-hartzea bereziki garrantzitsua.

Jendarte sareak trinkotzea, oinarrizko parte-hartze dinamikak aktibatzea eta kolektibotasun berriak sortzea beharrezkoa izango da, baita garapen ekonomikorako ere, jendarte trinko eta parte-hartzaile batek bakarrik betetzen baititu baldintzak egitura ekonomiko demokratikoak garatzeko.

Bereziki kezkagarria da jendarte sareen higatze horretan, eta ardurak indibidualizatzearen ondorioz, kooperatibismoaren ideia kolektiboak berak izan duen higatzea, kasu batzuetan oso interesatua izan dena; baina kooperatibismoak ere, ustezko etengabeko hazkundean murgildurik, kooperatibismoaren sustapenari eta memoria lantzeari beharrezko garrantzirik eman ez diolako.

Modu horretan, gaur egun ekonomia soziala zer den eta izan dezakeen eraldaketarako gaitasuna ikusezina da. Badago, kanpotik etorri daitezkeen hainbat eredu eraldatzaileen aurrean ere, euskal jendartean oso txertatuak dauden ereduak berriro sozializatzeko beharra.

Gainera, jendartean aurkitzen ditugun eragile sozioekonomikoek gaur egungo egoeran kokapen eta funtzioen desplazamendu bat dute, eta kasu askotan ez diete erantzuten jendarteak behar dituen planteamenduei.

Horregatik, instituzio, elkarte, garapenerako eragile, sindikatu eta abarren kokapen berri bat beharrezkoa da, etorkizunean ere jendartearen interesen alorrean lanean jarrai dezaten. Kasu hauetan guztietan aktibazio eta saretze hauek gerta daitezen beharrezkoa izango da herritarrek eta eragileek erakundeekin batera egindako hausnarketa eta lana.

Herri honek badu indarra honetarako, aurreko esperientzia askok erakutsi diguten bezala. Euskal Herri mailan Karta Sozialaren hausnarketa partekatutik, Alternatiben Herria ekimen partekatura bildu zirenek bide polita ireki zuten.

Estrategia banatua

Eta nola aterako gara krisi anitz hauetatik, identifikatutako beharrei erantzunez, estrategiarik gabe? Nola antolatu arlo ekonomikoan, pertsonen parte-hartzean oinarritutako garapen eredu berri bat, orain arte ekonomiaren gorabeherak ekimen pribatuaren edo instituzioetako irizpide aldakorren menpe egon badira?

Hasieratik esan dugun bezala, orain arteko garapen ereduak ez ditu jendartearen beharrak asetzen, eta krisiaren ondorioz paradigma berrien aukerak irekitzen dira. Datorrenaren zain geratzen bagara, ezingo dugu eredu parte-hartzaile eta justuagoen alde egin. Beharra, beraz, argi: estrategia bat garatzearena, estrategia helburuak ezarri eta dena eraldatzeko.

Eta parte-hartzea bermatzea jendarteak ekonomian eta instituzioetatik hartzen diren erabaki ekonomikoetan estrategikoa da? Bai, inoiz baino gehiago, estrategia egokiak lantzeko beharra eta helburuen identifikazioa oinarrizkoa delako.

Ohituta gauden hazkunde estrategiak alde batera utzi beharko ditugu, ordea, egitura ekonomikoetan ere parte-hartzea txertatu nahi badugu, eta horren buru izateko instituzio eta ekonomia sozialeko eragileen elkarlana beharko da; instituzioek garapen ekonomikoa planifikatzeko duten arduragatik, eta ekonomia sozialeko eragileek ekonomia eraldatzailea, kudeaketa eta parte-hartze dinamiketan duten eskarmentuagatik.

Baina estrategia hori ere zertan oinarritzen den zehaztu beharko da, eta hor egituren tamainak eta erabakien zentralizazio mailak zerikusi handia izango dute, diseinatzen diren egitura eta harreman sareek baldintzatuko baitute ondoren jendartearen parte-hartzearen eraginkortasuna. Egitura handiagoak direnean, parte-hartze estrategiak konplexuagoak izaten dira.

Orain, dauzkagun egitura instituzional eta ekonomikoak dauzkagu, eta horietan jendartearen parte-hartzea sakondu behar dugu, batetik, baina, bestetik, jar gaitezen etorkizunera begira: sortu behar diren enpresek zer neurri izan behar dute? Ekonomiak behartutako tamaina, hazkundean oinarritua? Edo gure jendartearen beharren araberako hazkunde banatuan oinarritua?

Hazkunde banatua esaten diogu beharren araberako elementu berriak sortu eta sarean artikulatzeari. Kooperatiba eta elkarte txikiak saretuta, ehun ekonomiko parte-hartzaile orekatuagoa sortuko dugu, merkatu logikan sortutako erakunde handiekin baino.

Balore berriak

Eredu berri batek, balore berriak behar ditu. Hegemonia hainbeste aipatzen bada ere, gutxi batzuek ulertzen dute hau botere politiko-ekonomikoa eskuratzetik harago. Hegemoniak balore kultural berriak beharrezko ditu, botere politiko-ekonomikoa eskuratuta eraldaketa atzeraezin bihurtzen dituzten baliorik gabe, zaharrak berreskuratzea gerta daitekeelako. Hauek dira, beste batzuen artean, nabarmendu nahi ditugun lau balore sorta (benetan, zortzi).

Demokrazia ekonomikoa eta parte-hartzailea

Demokrazia ekonomikoa behar ekonomiko eta sozialak ase ahal izateko behar-beharrezkoa da. Enpresa eredu kooperatiboak, langileek jabetza duten ereduak eta merkatuaren aurrean jendartearen interesak lehen tokian jartzen dituzten ereduen aldeko apustua egitea dakar horrek.

Horrez gain, gobernantza ereduari begira, demokrazia parte-hartzailea sustatu behar da. Herria osatzen duten komunitate eta norbanakoek beren garapen pertsonala eta kolektiboa lortzeko era aktibo eta zuzenean erabakiak hartzeko aukera ematen dien gobernantza eredua da demokrazia parte-hartzailea.

Burujabetza eta autonomia

Autonomia pertsona edo talde batek bere burua gobernatu eta garatzeko ahalmenari deritzo. Autonomiarekin bakarrik eraiki daitezke pertsona askeak, beren etorkizunarekin zer egin erabaki dezaketen pertsonak. Autonomia, baina, ez da prozesu indibidual bat, kolektiboki bakarrik eraiki daiteke benetako autonomia; batak bestearen beharra dugula jabetuz eraikitzen den autonomiak balio unibertsala dauka, eta hori da eraiki behar duguna.

Autonomiaz hitz egiten dugunean, elkarlanean oinarritutako autonomiaz ari gara. Argi izan behar dugu burujabetzak eskaintzen duen askatasunetik bakarrik eraiki daitekeela benetako autonomia. Horregatik, burujabetza hori ziurtatuko duten azpiegituren, baliabideen eta tresnen aldekoa apustua egitea beharrezkoa da.

Herrigintza kultura p2parekidea eta anitza

Jendartean komunitate eta sareen arteko hartu-emanetan oinarritutako kultura aktibo bat sustatzea beharrezkoa da. Sare banatuetan bezala, p2p harremanetan, berdinen arteko harremanetan, oinarritutako herrigintza bat behar dugu; sistemak suntsitu dituen edota harreman komertzial soilez ordezkatu dituen harremanak berriro sortuz.

Aldi berean, bere baitan aniztasuna onartu eta kudeatzeko tresnak eskaini beharko ditu herrigintza eredu honek: gertuko harremanek, elkar ezagutzak, antolatutako sareek… horietatik kanpo eraikitzen diren gezurrak kontrajarri eta herri kultura berri bat eraikitzeko gaitasuna duten sareak.

Ezagutza librea eta irekia

Espezie gisa eboluzionatzera bultzatu gaituen ezaugarria da ezagutza. Ez da ondasun mugatu bat; aitzitik, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gehiago garatzen da. Horretarako, ezagutza sortzea, ikastea, barneratzea, sistematizatzea, transmititzea eta aplikatzea sustatzen duten baldintza sozial jakin batzuk behar dira.

Ezagutza libreak ondasun publiko gisa ikusten du ezagutza bera, pertsonen berdintasunezko garapena bultzatzen duen ondasun gisa, hain zuzen ere, ezagutzaren sortzaile eta edukitzaile gisa, araudi murriztaileek ez bezala (jabetza intelektualak edo patenteek, esaterako).

Bizi garen ezagutzaren jendartea deitutako honetan, ezagutza komun libre honi ekarpen gehien egiten diotenek eta beste batzuekin batera era irekian elkarrekintzan dihardutenek garapenerako aukera gehiago izango dituzte.

Beñat Irasuegi eta Gorka Julio

Irudia: Canaletto – Bucentaur’s return to the pier by the Palazzo Ducale – Google Art Project (Domeinu publikoa)

Iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude