Alternatiben Herria vs Alternanteen Herria

, ,
Aiert Goenaga-ren avatar

Oraindik ez da astebete igaro Bilbon jendetza batu zuen Alternatiben Herria ospatu zenetik. Larunbatean bertaratu ginen asko egitarauan zeuden ekimen desberdinetara ezin iritsita ibiltzearen sentsazioaz gain, urtean behin eta egun bakarrekoa baino, urtean lautan eta gutxienez hiru egunekoak izan beharko liratekeenaren sentsazioaz geratu ginen. Larunbatean, merkatuez hitz egitean, pertsonen premiei erantzuten zieten merkatuak irudikatzen ziren han eta hemen. Hitzaldietako mikro, zein kafe osteko zirkuluetan; finantza etiko, elikadura subiranotasuna, feminismoa zein aberastasunaren banaketa ziren hitzen atzean forma hartzen zuten ideien lan ildoak. Norbanakoak kolektiboari egin beharko liokeen ekarpenaz aritzeaz gain, kolektiboak norbanakoari eman behar liokeena ere landu zen. Elkartasuna (erreala, ez hiztegian duen adierari kasu egin gabe erabiltzen duten hori), errespetua, duintasuna eta egungo sisteman faltan botatzen diren beste mila kontzeptuk bere lekua izan zuten (dute) alternatiben herrian. Kooperatibismoa hiru elkarrizketatik bitan zegoen. Kalea kaletarrontzat berreskuratzearen aldeko hainbat aldarri ere entzun genituen. Preso politikoen ordez, politikari batzuk preso izateko premiaz ere aritu ginen garagardo batzuen ostean. Finean, sistema osoa aldatzeaz aritu ginen.

Irudia: Lander Zabaleta
Irudia: Lander Zabaleta

Asteak aurrera egin ahala ordea, alternatiben herriak alternateen herriari utzi dio lekua. Sistema dagoen modura mantentzeko ahalegin guztiak egiten ari direnen herriari. Aberastasun eta eskubide sozialen lapurren herria hain zuzen. Finantza etikoaren ordez, etika finantzen mesedetara ezartzen duten alternanteen herria. Merkatuak pertsononak izan ordez, pertsonok merkatuenak izatera kondenatu nahi gaituztenen herria. Emakume bat bere senarraren besoetan “hil da” dioten goiburuen herria. Komisio eta porlanaren herria. AHT, TTIP edota Frackingaren herria. Demokrazia lau urtean behin nork izorratuko gaituen aukeratzean datzala asimilatzera behartu nahi gaituztenen herria. Alternanteen herrian txiolariak atxilotzen dira, wifi sare bera erabilita alboko tipoak adierazpen askatasunaren izenean Franco goraipatzen duen bitartean. Egunkari bat itxi eta zuzendaria ia bi hamarkada osoz preso izan duten herri bera da Alternanteen Herria. Tragikomediarik eroena motz uzten du Alternanteen Herriko asteazken soil batek. Alternateen Herrian, esate baterako, euren buruak sozialista bezala saltzen dutenen ordezkari nagusiak erabakitze eskubidearen alde egotea eta demokrata izatea bat ez datozela lasai esan dezake (Idoia Mendiaren adibidea ipini dut baina lasai asko ezar nezakeen kontainerrez mozorrotuta, errauskailuaren aldeko kanpaina egin zutenekoa. Tira, nik uste hemen Denis Itsasok, ezkertiar orori, metaforikoki adierazi nahi zigula PSE bozkatzea botua zakar ontzira botatzea dela. Jakingo ez bagenu bezala!). Alternanteen herrian edozer asmatuko dute denak berdin jarrai dezan; Nazio Forala barne.

Eta zu, zer zara? Alternatibo ala alternante?

Iruzkinak