Etorkizun hurbil batean, hauteskunde berriak irabaziko dituzte PPk Espainian eta EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez da pitonisa irudimentsua izan beharrik hori esateko. Hori hala izanda ere, botoa ematera doazen herritarrek jakin beharko lukete zertan aritu diren azkeneko hamarkadatan bai PP bai EAJ. Askok badakite, eta beste alde batera begiratuko dute. Beste herritar batzuentzat, berriz, informazio iturri bakarra Tele5ko Sálvame eta Gran Hermano: Revolution direla hartu beharko da aintzat.
Beste alde batera begiratzea gaitz endemikoa da. Ez naiz ni horretaz libro. Nire bizitzako 42 urteetan, egingo nuen noiz edo noiz. Kazetaritza ibilbidean ere, gordeko nuen informazioren bat, argitaratu beharrean. Informazio horiek guztiak arinkeriak iruditzen zaizkit, hala ere, ezkutatzen diren beste kontu ilun batzuekin alderatuta. Baiezta dezaket, behintzat, lo lasai egiten dudala, kontzientzia lasaiarekin. Ez dudala informaziorik gorde hilketen, bortxaketen, sexu abusuen edo ordezkari politikoen lapurreta sistematikoen edo zehatzen inguruan. Edonola ere, plaza honetan edo beste batzuetan kritikak egiten ditugun moduan, jasotzeko prest gaude. Ez gara perfektuak.
Neronek gordetakoak baino larriagoa iruditzen zait, adibidez, duela aste batzuk Jon Sarasuak Euskadi Irratian aitortu zuena. Izan zuela adin txikiko baten aurka Elizako gizon batek egindako sexu erasoaren berri. Eta isildu egin zuela. Oharkabean pasatu zen kasik, eta jarraitu genuen beste alde batera begira. Elkar argitaletxeak, Durangoko Azokaren bezperatan, Euskal Herriko Elizako sexu abusuen inguruko liburu bat argitaratuko du. Espero dugu ez egotea beste alde batera begiratuko duten komunikabiderik, liburu horren lekukotzen aurrean.
Prestigiotsua da mundu mailan The New York Times egunkaria. Lan onak argitaratzen dituztenik ez dugu ukatuko, baina larria iruditu zaigu egunkariaz jakin duguna. 2004an egunkariak bazuen Harvey Weinstein zinema ekoizlearen jokabideen berri, eta ez zuen ezer argitaratu. The Wrap-ek argiratatu du istorioa. Beste testuinguru batean eman du orain New Yorkeko kazetak ekoizlearen sexu gehiegikerien berri. Berandu, biktima askorentzat.
Beste alde batera begiratzea. Delitu nazkagarriak direnean, are larriagoa. Baina bere eremu sozio-politikoaren ideien aurka talde batek jotzen duenean, beste alde batera begiratzea bada kritikatzeko modukoa. EH Bilduk, esate baterako, abuztuaren 24an adierazpen instituzional bat sinatu zuen Espainiako Kongresuan (Bartzelonako atentatu yihadisten ostean). Adierazpen horretan Espainiako Estatuko segurtasun indarren aitortza eta eskertzea egin zuen EH Bilduk, PPrekin, Ciudadanosekin eta PSOErekin batera. Soilik Zuzeu atarian agertu zen ahots kritikorik. EH Bilduren eremutik gertu dauden kazetarien aldetik ez zen aparteko ezer entzun edo irakurri. Espainiako segurtasun indarren partetik errepresioa, jazarpena eta tortura jasan dutenen herritar askorentzat mingarria da EH Bilduk halakoak sinatzen dituela ikustea, baina akritikotasun zabaldua bada, neurri batean, beste alde batera begiratzea bezalakoa. Horregatik, faltan botatzen dira azken aldian Lander Arbelaitzek eta Axier Lopezek 2015ean idatzi zuten artikuluaren modukoak. Ezker independentistak ezin baitu konplazentzian gelditu, gauden egoeran.
PP eta EAJ
Kazetaritza alorrean, bestalde, beste alde batera begiratzeko lanean, jokabide oso larriak ikusten ari dira Ebrotik beherako komunikabideetan. Juan Antonio Giner kazetari, irakasle eta kazetaritza enpresen aholkulariak berriki esan digu kazetariek obligazio morala dutela jendeari egia kontatzeko. Gurtel auziarekin oso agerikoa izan da nola begiratu duten beste alde batera Espainiako hedabide kontserbadoreek. B kontuko M. Rajoy da Espainiako Gobernuko presidentea. Eta Europako iparraldeko edozein herrialdetan egunkariek eta telebistek behartuko lukete presidentea zerbaitera: kargua berehala uztera, eta espetxetik libratuz gero, erbestera ihes egitea. David Ilundainen B filma gomendatzen dizuet, Luis Barcenasek epailearen aurrean egindako deklarazio hutsa izanda, oso argigarria baita. Gurtel-eko polizi buruaren hitz hauek, berriz, ez dute beste komentariorik merezi:
Felix Arrieta politologoak ageriko galderak egin ditu Gurtel auzia-rekin lotuta: Noraino da legitimoa hura sostengatzen duen alderdia ustelkeriak beteta duen gobernua? Noraino da legitimoa dirua beltzean kobratu duen presidentea? Eta are gehiago, argudio bakarra legalitatearen defentsa denean, non uzten du honek bere posizioa?
Ez dakigu EAJk galdera horiek mahai gainean dituen. Dakiguna da azken aldian akordiotara iristen ari dela Europako alderdi ustelenarekin.
Urtez urte, komunikabide hegemonikoetan EAJk “kudeatzaile onaren” irudia saltzen du. “Euskal oasia”. Ez direla PPkoak bezala errepikatzen dute behin eta berriz, eta boto emaileek sinistu egiten dute.
Ahoztar Zelaieta kazetariak egun gutxi barru aurkeztuko du Euzkadi SA. El gen corrupto del PNV liburua. Aurretik idatzi ditu ustelkeriarekin lotutako beste liburu batzuk, tartean La casta vasca. Hala Bedi irratian entzun daitezke bere azalpenak. Liburu berrian, EAJren ustelkeriaren gaineko hainbat atal daude jasoak (alderdiaren barneko pertsona batekin izandako elkarrizketak, tartean): EAJren negozioak Espainiako Gobernuarekin, laguntza publikoak Sabino Arana Fundazioarentzat eta EGIrentzat, alderdiaren diruzainak, enpresa pribatuek EAJri emandako dohaintzak eta horrek ekarritako morrontzak (liburuan jasotzen denez, Euskadiko Ezkerra alderdia 1983an hasi zen halakoak salatzen. Duela 34 urte, beraz), De Miguel auzia (26 inputatu), Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusientzako blindajeak… Ondorioak, Zelaietaren arabera: “EAJren ehun udal baino gehiago susmopean, kargutan egondako 30 jeltzale baino gehiago prozesatuak gaur egun, ahaldun nagusiak ikertuak, enpresen dohaintzak onartzen dituzten diruzainak, %4ko komisioak De Miguel auzian eta %24ko komisioak AHTaren lanetan, Eusko Legebiltzarrean betoa ezartzen zaio ustelkeriaren inguruko diagnostiko bat egiteari eta iruzur fiskalaren inguruan behategi bat egiteari”.
Ez noa ni EAJ PPrekin alderatzera, baina ondo legoke Zelaietak Euzkadi SA. El gen corrupto del PNV liburua aurkezten duenean, Euskal Herriko komunikabideak eta kazetariak ez balira jarriko beste alde batera begira. Azkeneko egunetan EITBk Gurtel auziaren inguruko hainbat erreportaje eta saio eman ditu. Etzi.pm etorkizunari begira jartzen denez, ausartuko gara esatera etorkizun hurbil honetan EITBko lau telebista kateetan eta bost irratietan ez diotela minutu bat ere eskainiko Zelaietaren liburuari. Beste komunikazio talde batzuetan ere ez dut uste tarte zabalegirik emango diotenik. Ondo egongo da gero esatea TVEk ez diola kasurik egiten PPren ustelkeriari. El País umorezko El Mundo today bihurtu dela edota ABCren azalak beldurgarriak direla. Baina agerian geldituko da EAJren inguruko ustelkeria plazaratzen denean, hedabide eta kazetari batzuek beste alde batera begiratzen dutela.