Prospektiba ariketa txukuna iruditu zitzaidan duela pare bat urte Wired-en irakurritako artikulua: Super Bowl-aren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta 100. edizioa nolakoa litekeen irudikatzen zuena. Urtemugen paralelismoak (urte berdintsuan hasi ziren eta biak 1960. hamarkada erdi aldera) Durangoko Azokarekin jolas berdina errepikatzera eraman nau behin baino gehiagotan, baina distopiarako noranzkoan nire burua errazegi erortzen aurkitu eta baztertu dut bidea saiakera bakoitzean.
Duela egun gutxi, baina, BECeko harmailetatik Bertsolari Txapelketa Nagusiaren etorkizunak mami gehiago izan ahal zezakeela iruditu zitzaidan edo aukera argitsuagoak gutxienez. Izan ere, 1980. urtean bertsolarien atzealdean Euskaltzaindiako alfonbra itsusi hura beharrean pantaila erraldoi bat izatea edo BEC bezalako eraikin batean ia 15.000 pertsona batzea sinisten zaila litzatekeen bezala, gaur egun lauso ikusten ditugun zenbait berrikuntza arruntak izan daitezke 2057an.
Demagun 2057ko abenduko igande euritsuan gure kotxe konpartitu auto-gidatuarekin Barakaldoko BEC Barria-ra iritsi garela. Jende pilaketarik itxaron gabe pasa gara gure jarlekuraino, kamerek ezagutu gaituzte atetik sartu ahala eta automatikoki ziurtatu dute sarrera aurrez ordainduta dugula. Eraikin berriko 50.000 ikusleak oholtzaren inguruan eserita gaude eta birak ematen dizkio agertokiak bere buruari astiro guztiok noiz edo noiz bertsolariak parez ikus ditzagun, beraiek mugimendua ia ez antzemateko abiaduran.
Betaurreko adimentsuak lentilla bihurtu zirenetik zaila da antzematen nork erabiltzen dituen eta nork ez, baina ikusle gehienek baliatzen dituzte Xenpelar zentroko estatistika datu-base erraldoiak dioenez. Posible dugu horrela bestelako pantaila gabe gure lentilletan bertsolarien irudia handitzea edo denbora errealean bertsoaren testua gainidatzita irakurtzea. Aplikazio berri batek bertsoaren kontaketa aintzat hartu eta oinarrizko hiru dimentsiotako birsorkuntza gainjartzeko gaitasuna ere badauka, baina audientziaren gehiengoak nahiago du bertsolariaren maskara gardenari soilik so egin.
Agertokiaren erdian mikrofonoaren babes gabe dihardute bertsolariek bakarka eta elkarri begira zokoratuago bikoteko ofiziotan. Oholtza biribilaren eremuan komunikazio eta konputazio oro galarazten dituen interferentzia eremu bat dago, isiltasun digitalaren kartzela “gogorrean” – horrela diote bertsolariek beraiek – kantatzen ari direla. Salbuespen bakarra, aurten lehendabizikoz finalera iritsi den Laia Ametller menorkarrarena da: honek kantatzean itzulpena entzun dezakete gainontzeko finalistek eta berak gainontzekoek kantatzean berdin. Puntu erdiagatik pasa da Laia finalera bederatzigarren gelditu den BertsoBot-Zero inteligentzia artifizialaren azken bertsioari gailenduta. Paradoxa ere bada, puntuazioak kalkulatzeko epaileek erreferentzia bezala darabilten programa berberak bere burua finaletik kanpo uztea iradokitzea.
Etxetik ikus-entzuten dute bertso-saioa euskaldun gehienek BEC Barria-n baleude bezala kasik, beraiek hautatutako ikuslearen ikuspegia partekatuta. Euskal Herritik kanpo ere erruz zabaldu da ekitaldiaren sona eta asko dira herrialde katalanetatik, Mexikotik, Sardiniatik eta bat-bateko inprobisatzaile kulturak dituzten bestelako herrietatik ikuskizuna zuzenean jarraitzen dutenak, baita estatubatuar eta txinatar new-hip-hop zale askok ere. Horretarako itzulpengintza automatiko errimatuaren azken programa baliatzen dute.
Apustu gehienetan aurreikusi legez, txapela 81 urteko Maialen Lujanbio gazteak jantzi du berriz ere, eta pozik itzuli gara etxera bertsozaleak, hurrengo eguneko hiru orduko lan-aldi estandar gogorrari aurre egiteko gogotsu. Errimak biharamun gozoa izan behar du nahitaez eta gozo errima nahi du biharamunak behar izanez.