Ekintzailetza soziala modan jarri nahi dute, iada ez badago. Mugimenduak argiak dira kapitalaren aldetik, baina bistan uzten dute kapitalismoaren marka, ekintzailetza soziala bultzatzean, startup ekintzailetzaren ezaugarri negattbo guztiak erreproduzitzen baidituzte [1]. Hala finantziarizazioan eta arrakasta indibidualean oinarritutako ekintzailea da heroi berria, gainera ikuspegi sozialarekin, zer gehiago nahi dugu! [2] Esanahiaren lapurreta saiakera argiaren aurrean gaude, baina ez diegu utziko irabazten eta argi utziko dugu zer ez den ekintzailetza soziala. Heroi indibidualean oinarritutako ekintzailetza ez da soziala, kanpora begira, mozkinen zati bat edo ekimenaren parte bat izaera sozialez barnizatzen duten, baina gutxi batzuentzako errenta handiak oinarri dituzten enpresak edo fundazioak ez dira ekintzailetza soziala.
Ekintzailetza soziala kolektiboa da edo ez da. Oesterheld handi eta tragikoaren aipuari jarraituz, gure ‘heroi baliagarri bakarra, taldean doana da, inoiz ez heroi indibiduala, bakarrik dagoen heroia’. [3] Izan ere gurutzatzen gaituzten erlazio sozialen sarea gara, eta erlazio hauen ondorioz bizi gara, erlazio sozialik gabe ez dago errealitate posiblerik, eta bistatik kentzen baditugu subordinatzen ari garelako da, kapitalaren erlazioen azpian subordinatzen. Erlazio sozialek gainera territorio bat behar dute, eta berdin ekintzailetza sozialean abiatutako edozein proiektuk, horregatik da oso garrantzitsua, sortzen den tokiarekin harremana izatea, tokiko beharrei erantzutea, modu batean edo bestean, proiektuak berak izaera unibertsala izan dezakelarik, transnazionalitatea bilatuz. Beste noizbait sakonduko dut atal honetan.
Baina hasi gaitezen proposatzen, ezagutzen al dugu ekintzailetza soziala modu kolektibo eta tokiko beharrei begira sustatzeko proiekturik? Badira gutxi batzuk Europa mailan, Starter Katalunian edo Kooperatzen Eta Berrekin Berreginen lehen saiakerak Euskal Herrian. Oraindik baina ez dugu bide horretan landutako egitura egonkorrik gure inguruan. Proposatze aldera argi daukat nola izan beharko luken Ekintzailetza Soziala sustatzeko egiturak: Kolektiboa, tokikoa eta banatua.
Kolektiboa ere osaketan, ez sustatutako proiektuen izaeran bakarrik. Publiko-Kooperatibo-Komunitarioa, non praktikan dauden ekimenek (Olatukoop edo REAS), hezkuntzaren munduan dabiltzanekin (GEZKI, LANKI edo Lanbide Heziketako zentruak) eta tokian tokiko Udal, Mankomunitate edo Garapen agentziekin, Ekintzailetza Soziala eta Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko Sare Banatua sortuko duten.
Gainera asko egina dago, dauden egituren izaera aldatu eta saretzea da garrantzitsua, proiektu berri eta anitzak uztartu eta erreferentzia sozial indartsua eskeiniz. Hala ere tresna berriak beharko ditugu, bai proiektuen jarraipena egiteko, proiektu berriak sortzeko baliabide tekniko sozialak izateko edo diskurtso berriak zabaltzeko. Ikusiko dugu zein forma hartzen duten, ari gara lanean.
Bitartean Bergaran eta Debagoienan Berrekin.Berregin proiektuaren bigarren edizioa hasi dugu. ‘Berrekin.Berregin Debagoienean ekintzailetasun sozial eta komunitarioa sustatzeko programa da. Bergarako Udalak eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegiak antolaturiko egitasmoa da, Olatukoop eta Bagararen kolaborazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin sortua izan dena’. Pasa den urtean parte hartu zuten pertsona eta proiektu sozialekin aurrera jarraituko dugu, eta berriak sortu eta forma emango diegu. [4]
Noizbait bide honetan autonomiaz eta eraldatzeko asmoz proiekturik martxan jartzea pentsatu baduzue, animatu eta izena eman ekintzailetza eta formaziorako proiektu sozial eta kolektibo honetan.
[1] https://etzi.pm/2016/01/startup-eredua-ez-da-eredugarria/
[2] http://spain.ashoka.org/fellows
[3] http://www.berria.eus/paperekoa/1922/020/002/2016-01-16/rosa_luxemburg_egunero.htm
[4] http://berrekinberregin.com/2016/01/20/martxan-da-2016ko-edizio-berria/