Elkarrizketaren abiadura

Txertatua-ren avatar

Toba sumendiaren hondamendiaren teoriaren arabera, ez omen ziren inolaz ere hamar milara iristen gure garaiaz aurretiko 70.000. urteko lur planetako biztanle guztiak. Garai hartan kokatzen dute ikerlari batzuek ahozko hizkuntzaren jaiotza ere. To, teknologia berritzaileena elkarrekin hitz egitea zuen hamar mila pertsonako mundu bat.

Ordutik, berrikuntzak geroz eta bizkorrago zabaldu dira mundu geroz eta jendetsuagoan. Azterketa genetikoek berresten dute talde txiki horren ondorengoek 55 milurteko eman zituztela jatorrizko Afrikatik hasi eta gainontzeko kontinente habitagarri guztiak populatzen. Nekazaritza lanek eta idazketak milurteko gutxi batzuk baino ez zituzten hartu Europara iristeko K.a. 10.000. urte inguruan Ekialde Ertainean neolitoa hasi zenetik. Romulo eta Remoren kondairatik bederatzi mendetan zehar hirurogei milioi biztanlera zabaldu arte hedatu zen Erromatar zibilizazioa. Inprentari esker berriz, erreforma protestanteak dozenaka milioi pertsona erakarri zituen XVI. mendean hasi eta ehunurteko eskasean. Aro gaikidearekin batera, lastertasunaren neurketa zehatzagoa daukagu: hirurogeita hamabost urte behar izan zituen telefono finkoak ehun milioi erabiltzaile lortzeko; berrogei urte, ostera, irratiak; hamasei, telefono mugikorrak; internetek, zazpi urte; Facebookek, lau; eta Candy Chrashek, urtebete eskas. Aurten, Youtube bitartez 1.000 milioi ikuskatze lortu ditu Adele kantariaren “Hello” pop-kantuak 87 egunetan.

Berehalako berrikuntza-zabaltze masibo hauek lilura bi, gutxienez, sortzen dituzte. Bata, arrakastaren tamaina milioietan neurtzearena. Bestea, gizartearen aldaketa-abiadura berrikuntzenen parekoa dela pentsatzearena.

Lilularik ez; pop musika ixilarazi. Aplikazioak desinstalatu, interneta kendu eta sakelekoa itzali. Telebista, irratia, bestelako telefonoak, prentsa eta liburuak etxean utzi. Lana eta bidaiatzea bizitzaren ardatzetik desplazatu. Herriko plazara irten eta berbaldi gordin baten jauzira dago hamar mila pertsonako mundu bat. Ez alperrik, berehalakoen eta masibotasunen garaian ere, arrakastek eta aldaketek gozatutako konbertsazioen abiaduran egiten dutelako aurrera oraindik.

Goienako Puntua astekarian ere argitaratutako idatzia

Iruzkinak