Etzi emozionatzeko

,
Yeray Gascón-ren avatar
Etzi.pm biziberritu dugu. Sinpletu eta erraztu dugu. Aurreikuspenak alde batera, edukiei eta idazleei garrantzia eman nahi izan diegu. Beti pentsatu dugu gure portu maritimo hau dela etzi datorren mundua imajinatu eta marraztu ahal izateko makulu kolektibo aproposena.

Oinarri bera du. Etzigileek ausari eta zoriari ideiak kentzea dute helburu. Bizipenen eta jakintzen baitan, lerro hauetan, ideia horiek lurreratzea. Itsasoratzea. Nora helduko diren jakin gabe ere, mundua imajinatzea.

Horretarako tresna bada, beste gauza askotarako izan daitekeela ere argi daukagu. Oinarri bera, bai. Baina nola. Blog hitza asko lausotu da. Komunikabide, aldizkari, egunkari… hemeroteka.

Emozioak kudeatzearen aldeko politika adostu dugu. Edukiak pentsatzea erraza da. Sortzea, ez hainbeste. Lehen kolpe honetan hauek dira gure emozioak: etorkizuna gaurkotzeko blog bat behar dugu, aurreko eduki idatziak mantendu eta berriro azaleratzeko, idazleari eta iritziari balioa emateko, kolektiboki kudeatzeko eta federatutako edukiak eta partaidetza sustatzeko.

Etzi da. Beraz, etzi izango ditugun emozioak imajinatzen hastea da ariketa logikoena. Baina ez dugu bakarrik imajinatu nahi, ezta bakarrik emozionatu nahi.

Etziko etzi.pm

Gizarte berriak, gertukoak edo urrunekoak, errealak edo fikziozkoak baldintzatu ditzaketen gaiak jorratuko dira. Zer eta nola, nork eta noiz idazten duen askea izango da, baina idazle batzuek maiztasun batekin idazteko konpromisoa hartuko dute.

Idazle horiek nabarmenduak izango dira. Eta nabarmenduen edukiak dira azalean nagusiki agertuko direnak. Baina edozeinek bere bloga idazteko eta zabaltzeko aukera izango du.

Karaktere eta luzera anitzak izango dituzte bidalketek. Pilulak, aipuak edo tesiak jasoko dira. Beti prospektiba eta etorkizuna landuz. Idazlea eta bere jakintza erdigunean jarriz.

Irakurle eta erabiltzaileek bidalketei erreakzionatzeko gaitasuna izango dute. Gustuko dut, gero irakurri edo offline irakurri aukerekin. Idazle bat jarraitu, notifikazioak jaso edo irakurlearen txokoan nire artikuluak eta gustukoak irakurri eta kudeatzeko aukerekin.

Idatziak argitaratzean automatikoki federatuko dira Activity Pub protokoloarekin. Webgunean eta fedibertsoan iruzkinak idatzi eta irakurri ahalko dira. Idazle bakoitzak bere erabiltzaile propioa izango du @etzi.pm atzizkipean, eta bertan idatzi eta zabaltzen den guztia librea izango da.

Bidalketen bildumak egin eta berezko esteka batez zabaldu eta beste erabiltzaile baten bidalketa bildumak kontsultatu ahal izango dira.

Bidalketak automatikoki audio formatuan ere entzun ahalko dira. Bidalketa bildumak audio playlistak bezala funtzionatuko dute. Eta podcast formatuan federatuko dira funkwhale edo bestelako audio instantzia batera automatikoki igoaz. Etzi irratia automatikoki sortuko da, artikuluak bata bestearen atzetik aleatorioki entzun edo gaikako bildumak erreproduzituz.

Azkenik, harpidetza sistema bat egongo da. Irakurketa sakonagoak, eduki borobilduagoak, gaikako bildumak… newsletter forma izango duen eta webgunetik zein emailetik kontsumitu ahalko den etzikaria sortuko da. Ordainsari baten truke, ekonomikoa edo ez.

Komunitatearekin izango duen harremana imajinatzeko gaitasunik ez dugu; ezta gogorik ere. Baina emozioa bai. Komunitateak imajina dezake komunitatea?

Nola imajinatzen duzu zuk etzi?

Iruzkinak

  1. Etzi.pm-ren avatar

    @yeray Emozionatu gaitezen!

  2. Yeray-ren avatar

    Etzi irakurtzen eta idazten emozionatzeko etorkizuneko bloggintzan pentsatu behar dugu. @etzipm berpiztu dugu, sinpletik, eta baditugu ideia batzuk, baina zuei zerk emozionatuko zaituzten ere jakin nahi dugu.

    🦑 https://etzi.pm/etzi-emozionatzeko

    @yeray@etzi.pm