Susmoa dut, eta susmoa baino ez da, hezkuntzak hamarkada batzuk beharko dituela orain dela hamarkada batzuk egin behar zituen aldaketei eusteko. Orain bi hamarkada, Euskal Curriculumaren gaineko eztabaida egiten ari zela, “konpetentzien” inguruko eztabaida nahiko abstrakto batean murgildu zen (ginen) hezkuntza komunitatea. Paraleloki Unibertsitatean “Bologna prozesua” deitzen zen zera horren inguruan eztabaida piztu nahi izan genuen, eta ezkerreko ikuspegia zuten hainbat irakasleren jarrera ere eztabaidaren parametro bera bultzatzea izan zen: bazen garaia Unibertsitatearen jakintza eraldatzeko, eredu zaharkitutik etorkizuneko “konpetentzien” eredu batera.
Ez dakit zertan den ditxosozko konpetentzien eztabaida (laster jakingo dut, umea eskolara eraman beharra dudanean galdetuko dudalako), eta badakit zeintzuk diren Bolognak ekarri dituen aldaketak (ez bereziki ezkerreko ikuspegia zuten irakasleen bidetik) eta susmoa dut, susmoa baino ez, oraindik ere informazioaren metaketan oinarritutako hezkuntzaren inertzian bizi garela. Badakit jada ez direla ikasten Errege Godoen zerrenda (nik ere ez nuen hori ikasi), baina azterketa sistemak erakusten du oraindik ere edukien memorizazioan oinarritzen dela hezkuntza hein handi batean.
Etorkizunari buruz hitz egiteko itsas portua da hau, eta etorkizuna ez da edukien memorizazioan oinarrituko, baizik eta eduki horien bilaketa eta arazketa egiteko moduan. Unibertsitatean hasi nintzenean, 2000. urtean, etorkizuna ate joka genuen. Interneten hedapenaren momentua zen, oraindik ere unibertsala ez zen arren. Gogoan dut irakasle bati egindako galderaren erantzuna: “Galdera zailak liburutegian, mesedez”. Bere momentuan erantzun arraroa iruditu zitzaidan. Gaur egun arrazoia duela uste dut. Galdera zailak liburutegian. Galdera zailak Interneten.
Lau urte ditu Wikidatak. Ez da datu biltegi bakarra, baina bai da informazioaren sistematizazioa egiteko aukera gehien duenetako bat. Azken hilabeteotan Wikidata ustiatzeari ekin diot, ikasketa kurba txikia duelako, eta erabilera posible mugagabeak. Euskarazko Wikipedian datuak automatikoki ezartzeko sistemak garatzeaz gain, etorkizunean egon daitezkeen datu berriak ere automatikoki gaurkotzeko moduak bilatu ditugu. Ikasketa prozesu horretan, hala ere, egon da puntu garrantzitsu bat: galdera egokiak egitea da gakoa. Izan ere, orain 40 urte ikerketa luze baten ondorio izango ziren datuak, orain 15 urte liburutegi on batean egin zitekeen bilaketa batean lortuko genituzkeen datuak, orain 5 urte pare bat eguneko Interneteko bilaketaren ondorio izango zen jakintza… minutu gutxitan lor daiteke Wikidatan galdera egokia eginez gero.
Adibidez: zeintzuk dira abizen ohikoenak fikzio pertsonaien artean? Zein da espazioan egindako ikerketaren denbora-lerroa? Alemanian non egiten da garagardoa? Zein da Ipar Euskal Herriko udalerrien azalera? Non jaio dira Bilbon hil diren pertsona ezagunak? Eta non hil dira Bilbon jaiotako pertsona ezagunak? Zein da aktore kopururik handienak interpretatu duen pertsonaia? Italiako zein mendik dute 4.000 metro baino gehiago… eta argazki batekin, mesedez?
Uste dut adibide hauekin ikusten dela zein den Wikidataren bilaketaren potentziala. Gaur egun kode labur batekin, eta hemendik urte gutxira galdera errealekin (hau da, kodea ezagutu beharrik gabe), posible izango da edozein momentutan nahi dugun informazioa eskuratzea. Edozein gailutan instalatuta egon daitekeen aplikazio bati esker, edozein galderari erantzuteko aukera izango dugu. Honek tabernetako eztabaidekin definitiboki bukatzeko aukera emango digu, noski… baina hezkuntzan errelebantzia handiagoa izango du. Konpetentzia ez delako izango edukia ezagutzea, baizik eta galdera egokiak egiteko moduak ezagutzea. Eta erantzun horiekin egiten duguna… beno, horrek beste artikulu baterako emango du.
P. S.: Galdera zaila egin nion irakasleari: “Lurrak ez badu argirik emititzen… zergatik ikusten da Ilargia gorri eklipse bat dagoenean?”. Erantzuna Wikidatan ez dut uste egongo denik. Liburutegian bai. Interneten ere. Agian hamarkada batzuk beharko ditugu “zergatik” galderei erantzun automatizatua aurkitzeko. Disfruta ditzagun hamarkada horiek.
[…] bete ote dugun?); posible izango da gidoi bat, ideia bat, abesti bat… elkarrekin garatzea. Aurrekoan Wikidata aipatzen nuen… pentsa dezagun burmuinean bilaketak egiteko aukera baldin badugu irekitzen eta ixten diren ateen […]
[…] gaitezen Wikimediara. Beste batzuetan hitz egin dugu Wikidatari buruz. Laburbilduz: Wikidata datuak biltzeko ekimen libre erraldoia da. Bertan daude Wikipediako […]