Giza eboluzioa etzi

,
Galder Gonzalez-ren avatar

Spoilerrik ez dago portu maritimo honetako tabernan gaudenontzat, ezta? Stanley Kubrick eta Arthur C. Clarkek “2001: A space odyssey” idatzi zutenean giza eboluzioari buruzko alegoria eder bat utzi zuten, metafora eta irudi garatuen azpian. Zaratustra mintzatu aurretik gizakion arbaso ez-identifikatu bat ikusten dugu pantailan, ur putzu bat defendatzen. Egunsenti batean monolito arraro bat agertzen zaie eta tresnak egiten ikasten dute, bat-batean. Zaratustrak hitz egin du. Elipsi eder batean arma gisa erabilitako hezurra espazio-ontzi bilakatzen da, etorkizuneko (eta gertatu ez den) 2001era joanez. Ilargira bidean da David Bowman, bertan aurkitu duten beste monolito bat aztertzeko… ziurenik denok ezagutuko dugu HAL 9000 ordenagailuak duen paper bikaina, gogora ekarriz gizakia oraindik ere sortu dituen makinen menpe bizi dela. Izan ere gizakiak ezin du arnasik hartu atmosferarik gabe. Eta, horregatik, oraindik ez da Homo sapiens bat baino ez, beste arbaso ez identifikatu horren ondorengo lurtar bat, espazioan mugitzen saiatzen.

Baina Bowman doktoreak Jupiterretik gertu beste monolitoa aurkitzen duenean bidaia ezezagun bati ekiten dio, poesia bisualaren bidez erakusten dena. Bere burua ikusten du, zahartzen, hiltzen, ahalik eta jaiotzear den gizaki berri bat ikusten dugun arte, espazioan mugitzen, Lurrari begira: Homo… galacticus? stellaris? sortu da.

Giza eboluzioa ez da horrela gertatuko. Aurrehistoria eta historiako zatirik handienean gure eboluzioa darwinista izan da, baina garapen kulturalak eboluzio mota hori gelditu duela esan dezakegu (ez da guztiz egia, anemia faltziformeak erakusten digun bezala). Dawkinsen “gene berekoia” eta “fenotipo hedatua” ideiak muturreraino eraman gabe ere, posible da ikustea gure eboluzioa termino kulturaletan garatuko dela hurrengo mende eta milurtekotan eta hau, batez ere, gure burmuinaren gaitasunaren biderketarengatik etorriko dela. Garun handiagoa? Ez, ez gara buruhandi(ago)ak izango, ez delako egongo horretarako presio selektiborik; baina izango dugu garuna esternalizatu eta saretzeko aukera, hodeiari zein abiadura handiko konexioen gaitasunari esker.

Ikus dezagun honela: gure burmuinak ikasteko gai dira eta, aldi berean, tresnak sortzeko. Ez gara bakarrak, baina gure teknologia mailak ez du parekorik Naturan. Teknologia horri esker bi gauza lortu genituen aspaldi: buruan sartu ezin zaizkigun gauza guztiak gogoratu ahal izateko idazteko eta irakurtzeko gaitasuna; eta, batez ere inprentaren asmakizunarekin, jakintza metatu hori erraz hedatzeko bidea. Isaac Newtonek Robert Hooki esan zion modu sinplean: “haratago ikusi badut, erraldoien sorbalden gainean zutitu naizelako izan da”. Nire etxean liburutegi ertain bat dut, Erdi Aroko edozein jakintza-zalek izango zuena baino handiagoa. Baina, egia esan, liburutegi globat bat dut nire ordenagailuan, eta berdina (ia) denbora guztian zehar nire mugikorrean. Mundu osoko jakintza eraman dezakegu gure sakelean. Eta bat-batean konekta gaitezke jakintza horretara. Garapenean dauden herrialdetan ere mugikorrak areagotzen ari dira, liburutegi eta ordenagailu “faseetatik” igaro gabe. Wikipedia Zero bezalako ekimenek pobreenei jakintza hori doan helarazteko aukera ematen dute (sarearen neutraltasunaren gaineko eztabaida beste baterako utziko dugu, gehiegi ez luzatzeko). Fitness tresnek, erloju berriek edo errealitate hedatua duten kotxeko zein betaurrekoetako kristalek informazio hori oraindik eta eskuragarriago egingo dute laster.

2030ko hamarkadan burmuinak eta hodeia(k) lotzeko sistemak prest egongo omen dira (edo hori dio Ray Kurzweil guruak). Pentsa dezagun idatzi berri dudan honen inguruan. 20 urtetan, gehienez, posible izango da burmuinetik burmuinera mezuak bidaltzea, informazioa zuzenean bilatu eta burmuinean deskargatzea eta, agian, ikusten edo entzuten duguna grabatu eta gordetzea (edo agian ez). Pentsa dezagun berriro honetan: 20 urtetan, nire alabak Unibertsitatera joateko adina duen unean, posible izango da arazo baten soluzioa beste burmuin batzuekin eta ordenagailuekin aldi berean, paraleloki, prozesatzea; posible izango da aurretik dagoen informazio guztia deskargatzea (nola dakigu memoria bete ote dugun?); posible izango da gidoi bat, ideia bat, abesti bat… elkarrekin garatzea. Aurrekoan Wikidata aipatzen nuen… pentsa dezagun burmuinean bilaketak egiteko aukera baldin badugu irekitzen eta ixten diren ateen inguruan. Eta honi gehi diezaiogun Inteligentzia Artifiziala garatzen ari dela, ari garela (gutxi), ari direla (asko).

Ez dakit zenbat denbora beharko dugun beste planeta batzuetara migratu, ohitu eta bertan eboluzionatzeko. Ez dut uste espazioan biziraun dezakeen gizakia gertu dagoenik. Konektatutako makro-burmuina gertuago ikusten dut. Eta, beti bezala, ona edo txarra izango da ematen zaion erabilera eta atzean dauden helburuen arabera. Geure artean konektatu, pentsatu eta kooperazioarekin eboluzionatzea edo HAL 9000k pentsa dezakegunaren gainean diktatzea. Hor daude aukerak.

Iruzkinak

  1. Teketen-ren avatar

    Oso ondo irudikatu duzu, aspalditik buruan daukadan zerbait. Probatzea ere merezi du, horren antzeko zerbait gaur egun ditugun baliabideekin. Horretarako bluetooth gailu bat belarrian jarri eta orain dauden morroi digitalekin aproba egiten hasi nintzen. Mugikorrean ahots bilaketa aktibatzen duzun teknologia bera da, baina belarritik sartzen zaizunean eta elkarreragin dezakezunean erabat ezberdina egiten du. Hauxe idatzi nuen berrian, horri buruz (http://www.berria.eus/paperekoa/2064/035/001/2016-12-03/teknologia_bera_da_baina.htm)

    1. Galder Gonzalez-ren avatar
      Galder Gonzalez

      Ba ez zait bururatu orain arte hori egitea, baina bai, imaginatzen dut lehen aldiz errealitate hedatua frogatzen duzunean bezala edo…