McKenzie Warken Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza liburuaz esan dezakedan gauzarik errazena zera da: mugitzen zaituela. Hortik gora doa, nire kasuan, liburuak sortutakoaren graduazioa. Adjektiboak falta zaizkidan lekuetara iritsi zait, oskola, azala, tripak, arima eta burura.
Gutun bakoitza unibertso bat da. Biografia baten antzera, bertan metatzen diren bizipenak militante, aktibista eta gorputz batek kolektiboki zein indibidualki bizitakoak dira. Eszena bakoitzak eztabaidak pausatzen ditu zure inkontzientean, eta denbora hartuz gero, izaera kontzientean ere bai.
Jokinen sarrerak mamira iristeko lehen soka muturra botatzen du, eta hortik, Daneleren itzulpenek eramaten zaituzte McKenzieren bizitzaren ertz eta zirrikituetara.
Militantzia, herrigintza, bizigintza…
Zaurgarritasuna, eraldaketa, konpromisoa…
Bizitasuna, askatasuna, askitasuna…
Heriotza, maitasuna, borroka…
Arraza, klasea, generoa…
Trantsizioa, etxea, migrazioa…
Emakumea, feminismoa eta femmunismoa…
Hirunaka datozkit hitzak…
Liburuak badu biografiaz harago, genealogia kutsua, bidai itxura, mizelio izaera… Oinarrira jotzen du: amaren heriotza eta familia aipatuz. Euskaldunok zuhaitz bat tatuatua dugu gure buruan, eta akaso horregatik iruditzen zait errora jotze hori badagoela. Hortik hasten da liburua, baina gero baso azpiko mizelio guztia zeharkatzen du. Lehenik familia, ondoren jainkosak, bikoteak, maitaleak, raveak, oheak eta beste hainbat borroka. Lagunen bizitzak, bizipenak eta hiletak. Etorkizuneko McKenziri zuzendutako gutunek ixten dute liburua.
Nire panteoian sartu berri da Zibele Wark. Lehenago bere Hacker manifestuarekin lotu ninduen, eta oraingo liburu hau, berriz, eskuetan lehertu zait. Liburuak askeago egiten zaitu; eta askatasunaren kostua ezagutzen duenarentzat ere, merezi du portada zeharkatzeak, hasi eta bukaeraraino.
Gurekin izango dugu McKenzie Euskal Herrian
Hiru aukera bizi-borroka, pentsatzeko, uztartzeko eta ospatzeko.
DURANGO
Abenduak 5 17:00
Durangoko Museoan Adi!
Herrigintza, militantzia, aktibismoa.
DONOSTIA
Abenduak 7 18:30
Tabakalera
IRUÑEA
Abenduak 9 19:00
Katakrak
@teketen @badalab Apuntatuta! Eskerrik asko!!