Monokultibo turistikoaren kontra edo San Sebastian Region ideiari muga Oarsoaldean

Beñat Irasuegi Ibarra-ren avatar

Turismoa. Abuztu hasieran sortu da polemika mediatikoa gurean, nahiz eta gaia aspalditik datorren. Ekainean Bartzelonan izan nintzenean ez zegoen beste gairik bertako lagunen artean. Bartzelonako bizilagunek aspalditik bizi dute beldurrez, beraiek bizi diren auzoetatik joan behar izatearen beldurrez, kapitalismo espekulatzailearen desjabetze prozesu azkar eta biolentoa.

Ez da udarako gaia, etorkizunean eragin handia izango duena baizik. Gaiaren inguruan etorkizun posibleez idazten saiatuko naiz, Urtzi Urkizuk udaberri aldean idatzi zuen artikulu interesgarriarekin jarraituz, baina ez da post honen helburua. Twitterren hari luzeak modan jarri dira, eta nik ere idatzi nuen hari bat, [aski da!] idatz dezagun blogetan. Hari hartako ideia ekarri nahi dut hona:

Kezkaz jarraitzen ari naiz turismoaren inguruko albisteak. Turistifikatua ez dagoen herri eta eskualde batetik, baina Donostiako garapen ereduak beretzako diseinatutako periferia izatea nahiko lukeen Oarsoaldetik, bertako betaurrekoekin, egiten dut azterketa. Izan ere gure eskualdean bagara batzuk argi dugunak ez dugula San Sebastian Region monokultibo turistikoaren alde egingo, Oarsoaldean lan eta bizi nahi dugu, eta gure garapen estrategia eta bizitza eredua erabaki nahi dugu.

Donostiak duen garapen estrategia (edo estrategia falta) oso negatiboa da inguruko herri desindustrializatuentzat. Donostia eta inguruen terziarizazioa turismoan eta multinazionalen instalazioan oinarritua dago, langile prekarizatuen masa behar du horrek, eta nongoak dira langile horiek? Desindustrializatutako inguruko herrietakoak, Oarsoaldekoak, eta Donostia ekialdekoak. Guk eta gure seme-alabek zer izan behar duten erabakita dago, eta ez, nik behintzat ez dut onartzen.

Egunotan solasaldi benetan interesgarriak izan ditut zenbait herrikide eta eskualdeko lagunekin. Bada batzuk argi daukagu ez dugula nahi gure eskualdea bide horretan Donostiak beharko duen langile prekarioen masaren sorleku izaterik. Hori ekiditeko 3 ildo landu beharko ditugu:

  1. Donostiaren gaur egungo garapen ereduari kritika.
  2. Langile herri eta auzoen arteko elkartasuna landu eta saretzea.
  3. Garapen eredu propio eta eraldatzailea sortzea, oinarritik.

Bide horretan turismo kapitalista eta San Sebastian Region ereduaren kontrako lanketa, bataila partziala da, baina klabea, erdigunean baitago. Gure eskualde, herri eta auzoetan lan eta bizi nahi dugunok elkartu beharko dugu lanketa bateratua egiteko, indarrak batuz.

San Sebastian Region ideia distopikoaren inguruko azterketa beste baterako utziko dut. Bitartean Oarsoaldearen edo edozein Lankidetza Lurralderentzat interesgarria izan daitekeelakoan, Gorka Julio lankideak eta nik ideia batzuk landu ditugu 3. ildoa, hau da, garapen eredu propio eta eraldatzailea lantzen hasteko.

Ildo hauek lantzeko erraz aurkituko nauzue Oarsoaldean, Pasaiako Badian, Auzovieten sare izan litekeen ekialdeko Auzo Gorri honetan, edo Bakalhau irlan.

Iruzkinak