Mundu berriaren eta zaharraren arteko arrakala

Gorka Julio-ren avatar

Aurreko krisiak, bizitza sozial eta ekonomikoko bi instituzio nagusienetako biren (estatua eta merkatua) deskonposizioaren hasiera ekarri zuen. Krisi horren aurretik gutxitan egon da sistema ekonomikoa hain unibertsalki zalantzan jarria. Orain, birus batek, kapitalismo barneko krisi sozial betierekoak eta bereziki zaintzaren alorrekoak, azkartu ditu. Ezagutzen dugun mundua desagertuko dela dirudi, baina zer jaioko da hemendik?

«Mundu berria» eta «Mundu zaharra», bien arteko arrakalan gaudela esan genezake, beraz. Denbora bitarte honetan, aldiz, bi proposamen mota izan daitezke etengabe borrokan, eta denek dute teknologiarekin eta horrek sortutako aldaketekin zerikusirik. Noski, «Mundu zaharra» sostengatu nahiko duten proposamenak ere izango dira, etorkizunik ez dutenak, baina botere estamentuen kontrolaren ondorioz eusteko gaitasuna izan dezaketenak.

«Mundu berriari» lotutako proposamenei dagokienez, bi motatakoak izan daitezke, datorrenak ez baitu zertan jendartearen gehiengoarentzat hobea izan. Biek, hori bai, aurrekoarekin haustura bilatuko dute, eta haustura horiek izaeran ezberdinduko dira: haustura erreformatzaileak edo haustura iraultzaileak.

Haustura erreformatzaileak, kapitalismoaren fase honetan, merkatu estrategien bidez aurrera eramaten ari diren estrategiak dira. Teknologiaren laguntzaz askotan, merkatuetan etenaldia bilatzen dute, benetako botere harremanak kolokan jarri gabe, egiturak berritu ahal izateko helburuarekin.

Haustura erreformatzailearen ereduak dira Uber edo AirBnB bezalako zerbitzuak, non, merkatu zehatz bat apurtzen duten, baina momentu horretako eliteak ordezkatuz. Betiere kapitalismo finantzarioarekiko morrontza eta kontrol zentralizatua ahalbidetuz. Forma horiek adierazgarriak izan arren, ez dira irauteko aukera gehien izango dutenak. Aldiz, Amazon eta Google bezalako plataforma agregatzaile handiek, horiek bai, aukera gehiago dituzte.

Haustura iraultzaileak, aldiz, testuinguruko aldagai bat aldatuz, iraultza batek izango lituzkeen helburu berak dituen eraldaketa bat bilatzen dutenak dira. Eraldaketa horrek, bereziki, botere harremanetan eragiten du; denbora epe luzeagoan gertatzen bada ere, bere eraginak atzeraezinak izatea du helburu. Merkatu logikaren barnean jaio badira ere (ezinbestean), komunaren edo publikoaren aldeko aldarria daramaten ereduak dira hauek; ekonomia eraldatzaile bat proposatzen duten ekonomia ereduek osatutako plataformek osa dezakete frente hau.

Koronabirusaren krisiak osasunaren pribatizazioaren kalteez gain, eredu neoliberalaren, hau da, estatu aparatua kapital metaketaren esku jartzearen arazoak mahai gainean jarri ditu. Estatu liberalak ez dira, osasunaren alorreko behar minimoak asetzeko gai eta merkatuak ere ezin dio eskari honi aurre egin «efizientziaren» mantra historikoa gezurra zela erakutsiz. Aldi berean, ezagutzaren eta ikerketaren pribatizazioaren kalteak argi gelditzen dira. Patenteek eta egile eskubideen bidezko kontrola, kaltegarria izan bada beti, orain bizitzak jokoan daudenean argiago gelditzen zaigu (hegoaldeko herrialdeetan, bereziki, egunero sufritzen duten egoera baita).

Bidean, haustura iraultzailerako ereduak sortzen ari dira, arlo ezberdinetan kapitalismo soilak eskaini ahal dituenak baino eredu produktibo hobeak sortuz. Software librea da horietan paradigma nagusia, baina ez da horretara mugatzen. Horri lotuta, produkzio molde berri bat eraikitzen ari delako zantzuak ere aurreikusten dira, p2p ekoizpen-moldea dei dezakeguna. Nondik datorren ulertzeko, garrantzitsua da historian apur bat atzera joatea.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren ekoizpena biderkatu egin zen, eta gogorki murriztu zen ekoizpen-eskala optimoa. Horrek, alde batetik, kanpoan utzi zituen mendebaldeko herrialdeetako estatu kapitalismoa, eta, bestetik, mehatxupean jarri zituen AEBetako eta Europako enpresa handiak.

Garai horretan, komunikazioaren egitura ere eraldatu egin zen: mundu deszentralizatu baten trantsizioa gertatzen ari zen, telegrafoaren eta nazioen mundutik komunikazio-eredu banatura, p2p komunikazioaren mundura.

Bi aldaketen baturak, 1990eko hamarkadako muga komertzialen hausturarekin batera, komertzioaren hazkunde konstantea eragin zuen, eskala txikiagoa eta kapital intentsitate txikiagoa zuten periferiako agente berrien beharren gainean. Ondorio zuzena honakoa izan zen: gizakien historiako pobrezia-mailaren jaitsiera handiena, baina baita gizarte desberdintasunen handitze nabarmena eta ezegonkortasun ekonomikoa ere.

Kontrako tendentzia horren sortzaile nagusia finantza kapitala izan zen, ez baitzen eskalaren murrizketara moldatu. Are gehiago, eskalak handitu zituen, «finantzarizazioaz» eta «sekurizazioaz» lagunduta, ekoizpen-sistematik apartatuta eta modu erregularrean espekulazio burbuilak sortuz.

Bere eskala estrategiak jabetza intelektualaren gaineko legedia gogortzea ekarri zuen berriro zentralizatzeko egituren bidez (Google, Facebook…), Internet berriro definitzea beharrezkoa ez izan arren, eta, gainera, presioak gogortu zituen estatuak harrapatzeko.

Estrategia horrek merkatuaren eta estatuaren aldibereko hondamendia bakarrik ekar zezakeen, «deskonposizioa» deitzen dugun fenomenoa. Fenomeno hori ekoizpen ahalmenen hondamendiarekin batera garatzen da, eta krisia eta gerra ekartzen ditu. Fenomeno horiek krisiaren eta gerraren aurrekoak dira, eta ondoren lagundu egiten dituzte.

Baina software librearen jaiotza eta garapenarekin batera, ekoizteko eta banatzeko modu berri bat ere agertu zen. Eta bere asmo nagusia ez zen kapitala metatzea, ondare komun berri bat sortzea baizik.

Software librearen lehenengo garaipen handia, sistema eragile libre oso bat, GNU/Linux sistema, sortzea izan zen. Hortik aurrera, hacker mugimendua ez da inoiz gehiago izango underground-a. Ondare komun elektroniko berri bat agertu zen milioika pertsonaren aurrean. Horrek guztiz aldatu zuen, betiko, aurreko hamarkadako izarra izan zen industria. Eskala handiko enpresetatik irismen handiko sistema batera pasatu zen, talde txiki askorekin, proiektuekin eta enpresekin. Horiek ondare komun bakarra zuten oinarri, baina multiformea, anitza eta dinamikoa zena.

Software librearen zikloa eta ekoizpen-egitura beste hainbat alorretan ere azaldu zen. Ez-materialak eta kulturalak ziren objektuen ekoizpenak –musika, literatura eta ikus-entzunezko ekoizpenak– p2p teknologia baliatua zuen besteek baino lehen. Ez zen kasualitatea izan. Baina arrazoi beragatik, jabetza intelektualari buruzko legislazio berrien erasoa jasan zuen, eskala handiko industria kulturalaren presioaren eraginez.

Eskala handiko sistemaren krisia dagoeneko gogorregia zenean, zikloak berak, p2p ekoizpeneko egiturak berak, lehenengo urratsak eman zituen objektu fisikoen fabrikazioan. Gaur egun efizienteagoak diren autoak eraiki ditzakegu, merkeak eta politak, jabetza intelektualik gabekoak, eta, edozein tailer txikitan, Wikispeed bezalako kotxe elektrikoak egiteko proiektuak edota 40 makina industrial diseinatzeko (aerosorgailuak, traktoreak, adreiluak egiteko makinak…) Open Source Ecology bezalako egitasmoak.

Hori da p2p ekoizpen moldea deitzen duguna. Softwarea ekoizteko balio du, baina baita objektu fisikoak edota edonolako zerbitzuak ekoizteko ere. Oparotasuna metatzen du komunalaren ezagutzaren formularen azpian, eta errentak xahutzen ditu kontrol zentralaren beharrik gabe, baita hierarkiarik edota eskala handiko erakundeen beharrik gabe.

Teknologia horiek, heldugabeak badira ere, baleko oinarria izan daitezke ekoizpen-ehun lokalean finantza krisiaren ondorioei aurre egiteko, bai mikroenpresa industrialetan, baita enpresa ertain-txikietan ere, auzoko tailerretik hasi eta osagaien fabriketaraino.

Laburbilduz, gure begi aurrean agertzen ari diren fenomeno ezberdin horiek guztiak (krisi multidimentsionala, ekoizpen lokaleko autoak, 3D inprimagailuak, hacker mugimendua, software librea…) krisi handiago baten parte dira; ezagutu dugun kapitalismoaren (eskala handietan oinarritutakoa, hierarkikoa eta errentetan oinarritua) krisiaren parte.

Ekoizpen-molde berri hori ekoizpen-eskala txikietan oinarrituta dago, berdinen arteko harremanetan, lanaren etika berrian eta, bereziki, ondare komuneko ezagutzan. Oinarri sendoa dirudi jendarte-sistema eta sistema ekonomiko berri baterako trantsizioan. Eta garrantzitsuena: hemen dago, funtzionatzen du; ez da kontakizun moral bat, errezeta magiko bat edota intentzio onak dituen aktibismoa.

Koronabirusak, bizitza defendatzeko patenteak apurtu behar direla erakutsi digu; Ikerketa modu irekian egitea azkarragoa eta hobeagoa dela; jendeak beren etxeetako 3D inprimagailuen eta josteko makinen bidez, estatu liberalak eta merkatuak eman ezin izan dituzten baliabideak sortzeko aukera duela. Sare komunitarioek eusten diote larrialde egoerari kaleetan eta etxeetan, eta erakunde publikoen laguntza izan duten tokietan oraindik hobeto erantzun ahal izan diote zaintzaren krisiari. Hortaz gain, lehiaren eta indibidualismoaren aurrean, elkarlana eta enpatia hobeak direla; erabilera balioa, truke balioa baino garrantzitsuagoa dela; eta norbaitek zalantzan jartzen bazuen, langile klaseak, ekile klase anitz honek bakarrik, defendatuko dituela denon bizitza kontutan hartzen dituzten etorkizunak. Hori dena hobeto antolatzetik etorriko dira haustura iraultzaileak. Egituratu eta unibertsalizatu beharko ditugunak, ezinbestean, izaera publiko-kooperatibo-komunitario baten logikan.

2016ko Maiatzean Jakin.eus-en argitaratutako artikulua oinarri hartuta eguneraketa.

Iruzkinak