"Euskal Inteligentzia Zerbitzu Nazionala" ?!

,
Ibai Esteibarlanda-ren avatar

-Inteligentzia Zerbitzu Nazional bat beharko likek Euskal Herriak Hi! – eta eskuartean duen garagardo botilari trago luzea eman dio hustutzeraino Iratik, Joni aurpegia zurbiltzen zaion bitartean.-

-Inteligentzi … zer? Noiztik joaten zaik hainbeste burua lau garagardo xixtrinekin?

-Gure herri desordenatu hau egituratzeko beste hainbat proiektu bezalatsu Inteligentzia Zerbitzu Nazionala ere behar diagula: Instituzio Nazional bat, kirol Federazio propioak, Estatistika Agentzia Nazionala, zazpi probintzietan zehar antolatutako Unibertsitate Sistema propioa, Artxibategi Nazionala, … eta naiz eta doinu arraroa duen Euskal Inteligentzia Zerbitzu Nazionala!

-Instituzioak eta selekzioak tira, baina Inteligentzia zerbitzu bat? erotu egin gaituk ala?

-Erotu ez baina Nazio Burujabe bat izan nahi badiagu hori ere beharko diagu ezta?

ingurukoren batek “hori, hori!” oihukatzearekin batera ahotsa jeitsi dute bi gazteek.

-Ez diagu ba nahikoa, zelatatzen eta egurtzen gaituzten Espainiako zein Frantziako polizia eta inteligentzia zerbitzuekin ala?

-Ez, ez … propio bat, Euskal Inteligentzia Zerbitzu bat esan nahi nian. – elkarrizketa klandestinoa bailitzan ari dira aurpegiak ia elkar ukituz eta ahots baxuarekin-

-Propioa? Euskalduna? Guk gure buruak zelatatzeko eta jendea kontrolatzeko ala? Ertzainek baditek beraiena eta Foralek ere seguru baietz … EHko polizientzat inteligentzia zerbitzuak? Orain botako duk Polizia Nazional eta propioa ere behar diagula ezta? uste baino pitzatuagoa hago Irati.

-Euskal Poliziaren eztabaida beste baterako utziko diagu Jon, baina Inteligentzia Zerbitzu Publiko batek ez dik zertan poliziarentzat lan egin beharrik txo. Bere helburua, erabakiak hartu behar dituztenentzat informazioa bildu, berau aztertu eta aukera egokienak mahai gainean jartzea baino ez duk. Hori poliziarentzat egin dezakek edo enpresa, instituzio zein edozein kirol talderentzat.

-Hik nahi duana esango duk baina gaurdaino ez diagu horrelakorik ikusi eta hori ezinezkoa duk.

Beste hainbat esparrutan bezala gaiarekiko ezjakintasunak eta erronka zehatzei aurre egiteko tresna nazional propiorik ez izateak eztabaida antzuetan murgilarazten gaitu, etziko Euskal Herria gaurdanik eraikitzeko beharrezko estrategiak diseinatzea galaraziz.

INTELIGENTZIA ZERBITZUA

Inteligentzia (aurreko artikuluan azaldu bezala) lau fase dituen prozesu sistematiko bat da, eta prozesu sistematiko bat den heinean nahiko neutroa dela esan dezakegu (salbuespenak salbuespen). Beraz inteligentzia prozesua antzekoa aplikatu dezakete: BND (Alemania) zein MI5 (Erresuma Batua) bezalako inteligentzia zerbitzuek; Audi, Mercedes eta Coca-Cola bezalako enpresa erraldoiek; Iran, Errusia zein Venezuela bezalako estatu indartsuek; eta zergatik ez Nafar Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundia edo Udaletxe bat bezalako instituzio “txikiek”.

Guztiek dituzte erabakiak hartu beharra eta horretarako galdera zehatz batzuei erantzuna bilatu beharra: estatu quo-a zalantzan jartzen dutenak nortzuk dira, nola antolatzen dira eta nola haiek geldiarazi? zein auto modelo erosten du gehien jendeak, zergatik eta beraz nolako modelo berrietan inbertsioak egin hurrengo urteetan? zein da lurralde honetako langabezia tasa, zein sektoretan ematen da, zein bitarteko ditugu horri aurre egiteko eta nola sor ditzakegu lan postu berriak epe ertainean?

NAZIONAL ETA PUBLIKOA

Gure herria artikulatu, kohesionatu eta ardatz estrategikoetan (hezkuntza, ekonomia, lurralde antolamendua, osasuna, nazioarteko harremanak, kultura, …) pausu egituratzaileak emateko bidean paper garrantzitsua joka dezake ikuspegi nazional horrekin lanean arituko den Agentziak: batetik, behar espezifikoak dituzten enpresa, instituzio, herri ekimen zein proiektuei inteligentzia zerbitzuak eskainiz; bestetik, unean uneko egoera sozio-politikoak aztertuz beharrezko iruditu ahal zaizkion azterketak egin eta Euskal Herritarren zerbitzura jarriz.

Pentsatzen jarriz gero, egunero hartzen dira erabakiak ikuspegi nazional eta egituratzaile horrekin: AEK bezalako elkarte batek euskal herriaren euskalduntze prozesu nazioanalaren inguruan; UEU bezalako unibertsitate batek euskarazko unibertsitate ereduaren zabalpenaren esparruan; Udalbiltza bezalako instituzio batek erronka estrategikoetan eta berau gauzatzeko eman beharreko pausu taktikoetan; Gaindegia bezalako behatoki batek epe motz, ertain zein luzean EH-aren eraikuntzan garratzitsu izango diren gaiak aztertu eta ezagutaraztearen erronkan? OlatuKoop bezalako ekonomia sozial eraldatzaileko sare batek hurrengo erronkak zein norabidetan planteatu erabakitzeko; …

PROIEKTUA ABIAN

Ezin gaitezke partida garrantzitsu hau jokatzen hasi aurretik jokoz kanpo geratu. Burujabe izateko egitura eta sare propioak behar ditugun bezalaxe Inteligentzia Zerbitzu Nazional publiko eta propioa beharrezkoa dugu.

Argi dago ez dagoela momentu honetan instituzio naizonal ofizialik erronka honi eutsiko dionik. Beraz, etzi herri burujabe bat izan gaitezen gaur hartu beharreko erabakietan nola sakondu dezakegu?

Zein proiektu sortu beharko genuke gure Inteligentzia Zerbitzua diseinatu eta martxan jarri ahal izateko? Zein arlo eta proiektu zehatzi begira lan egin beharko luke? Nork beharko eta erabiliko lituzke zerbitzu horiek? Nork eta nola finantziatuko genuke bulego hori? Zein talde tekniko osatu beharko genuke gure behar teknikoak asetzeko? Non formatu ahalko liratezke gure herriko gazteak proiektu honetan parte hartzeko?

Galdera egokiak planteatu behar erantzun egokiak bilatzen hasteko. Guztion buruak norabide berean jar ditzagun eta has gaitezen pentsatzen eta hausnartzen, guztiok inteligentzia komunitatea eraikiz, erronka berri honen inguruko erantzun egokiak bilatzeko.

Atera ditzagun ideiak mahai gainera eta ekin diezaiogun proiektua diseinatzeari!

Iruzkinak

  1. […] pentsatu. Ekarpen asko dago: Koldo Bizkarguenagak ikerketak eta ikerketa gunearen proposamenak, Ibai Esterbailandaren euskal inteligentzia zerbitzu nazionalaren sorrera?, Iñaki Sotok-k euskal diplomazia indartzeko […]