“Nola kristo pirateatuko dut Netflix-eko ‘Bandersnatch’?”

,
Txertatua-ren avatar

Horrela dio Netflixeko Gabonetako Black Mirror telesaileko azken kapitulua kanal ofizialetik kanpo ikusi nahi duen Reddit webguneko erabiltzaileak. Galdera erantzuten saiatu aurretik, baina, Bic boligrafoa hartu eta errebobinatu dezagun zinta apur bat atzera.

Ikus-entzunezkoen kontsumoa eta produkzioa inflexio puntu batean daude streaming bidezko zerbitzuen disrupzioarekin. Streaming arterako bidea ezberdina izan da zerbitzu hau ematen duten enpresentzat: bideo zinten banaketa (Netflix), online salmenta (Amazon), telebista pribatua (HBO) edo telekomunikazioak (Movistar), baina zerbitzu honek zentralitatea irabazi du beraien negozio ereduetan. Bi fronteetan, ikusle eta produkzio kuotak handitzen dihardute, adibidez, Netflix bera: 137 milioi erabiltzaile mundu osoan, 10 bilioi dolarreko aurrekontua ikus-entzunezko originalen produkziorako; Amazon Prime Video: 90 milioi erabiltzaile eta 5 bilioi euroko aurrekontua; edo, HBO Now: 142 milioi erabiltzaile eta 8 bilioi euroko aurrekontua. Espainian ere mugimendua dago, batez ere Movistar-en eskutik, Internet/Nahieraneko bere Fusión eskaintzak honezkero 4.5 milioi erabiltzaile ditu estatuan eta produkzio propioa indartu du. Gainera, oraindik etortzeko daude beste hainbat (Hulu edo Apple-en bideo katalogoa) eta ikusteko guztiz lehertu ez duten beste batzuen ibilbidea (Filimin, Rakuten, etab.).

Merkatuaren fragmentazioa horren handia den honetan, fast forward labur bat egin eta etorkizun hurbilean fusioak egongo direla iragartzea ez da arriskatuegia. Movistar-ek egin du tratua honezkero Netflix-ekin Espainian edo Huluk Spotify-ekin ere Amerikaetako Estatu Batuetan. Edonola, merkatuak ez du oraindik eferbeszentzia galdu eta aktore guztiak ez dira oraindik aurkeztu, Apple-ek izango du zeresanik, bereziki 2019rako iragarri duen Asimov-en Fundazioa lanean oinarritutako telesailarekin.

Istorio eta plataforma eskaintza gaindosi honekin, erabiltzailea galduta egon daiteke (ni galduta nago) norberaren zapping aukeraketa eta konbinazio onenaren bila. Badago (kontatu didate) pantailen gudak oskarbitu artean bestelako bide osagarririk erabiltzen duenik plataforma guztietan harpidetzea bideragarri ez zaiolako. Adibidez, Popcorn Time plataformaren bidea: torrent-ak streaming-ean ikusteko katalogoa eskaintzen duen plataforma. Baina, Netflix-ek jarri du erronka Black Mirror-en Gabonetako kapituluarekin, streaming interaktiboa: bideoak aurrera egin ahala galdera egiten dizu eta zuk zeuk aukeratzen duzu zure abentura… eta nik bat egiten genezake orain pause-an utzitako Reddit-eko galderarekin: eta nola kristo pirateatuko dut Netflix-eko Bandersnatch?

Antza denez -ejem- entzun ahal izan dudanagatik -ejem- pornoan (nola ez) ba omen daude horrelako narratiba erabiltzen duten Flash-ean (iraungitzen ari den teknologia) oinarritutako portaleak, baina, dirudienez, oraindik ez da alternatiba kortsariorik modu honetan torrent-ak ikusteko.

Beraz, Bandersnatch debalde ikusteko hiru aukera airean: (1) Netflix-eko hilabete baterako proba kontua egitea, (2) istorioaren aukera guztiak bata bestearen atzean jarrita dituen bost orduko bideo jarraia deskargatzea edo (3) gustudun pirataren batek zuzendari papera egin eta mozketa propioa egitea. Pirata kontuetan ere norberak aukeratu beharko du bere abentura.

Iruzkinak