Oarsoaldea, Lankidetzaren Lurraldea

,
Etzi Portu Maritimoa-ren avatar

Oarsoaldean lan eta bizitzeko proposamen zehatzak egiteko ordua iritsi da, eta Oarsoaldea Garapen Agentzia egiten ari den plan estrategikoa horretarako aukera ezin hobea da. 2025. urtera begira jarriz, argitaratzen joango garen ekarpen hauetan lelo bat eta sei proposamen zehatz egin nahi ditugu.

Plan estrategikoko eztabaida gehienetan agertu den gaia izan da lankidetza edo elkarlanarena. Gabezia bezala baino, denok aukera bezala ikusten dugu. Hobetu beharreko ikasgai bezala eta, aldi berean, abantaila eta balio kate berriak eraikitzeko gaitasuna duen mekanismo bezala. Bide horretan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan ezarri eta landu daitekeen lehen proposamen teoriko bat ere egin dugu, “Herrigintza bizia, komun berriak sortzeko”, izena duena, eta proposamen hauek egiteko oinarri izango dena. Horregatik eztabaidetatik eratorriko den plan estrategikorako leloa lankidetzaren lurraldea izatea proposatzen dugu.

Oarsoaldea buruan egin den testu bat izanik ere, beste lurralde eta etorkizun batzuk pentsatzeko balio dezakeen testua ere bada.

Lankidetza: leloak oraingo errealitatea islatzen ez badu ere, etorkizuneko argi bat markatzen du, eragile ezberdinen arteko elkarlanean eta horiek sortuko dituzten tresnak garatzearen beharrean jartzen du fokua. Enpresa arteko lankidetza, publiko-komunitate-kooperatibo elkarlana sustatzea, formazio-enpresa artekoa, formazio eragile ezberdinen arteko hartu-emana, jendarte egituren arteko elkartasun sareak osatzea….

Lurraldea: fokua Oarsoaldean jartzen badu ere, bertara mugatzen ez duelako. Hau da, honen gaitasun eta behar endogenoek gidatutako dinamika bat behar du izan, baina lurralde ikuspegi ireki baten bidez kanporako begirada batekin. Ondoan, Donostia-Bidasoa-Nafarroa iparraldea; zabalago Iparraldea-Gipuzkoa begiratzen du eta hortik kanpo Akitania-EH osotik, mundura irekitzeko gaitasuna.

Lurralde hitzak ere Oarsoaldea bere zabaltasun osoan ulertzeko aukera eskaintzen du, baina aldi berean konkrezioa ere badu. Oarsoaldea osatzen duten herrien arteko sinergiak beharrezko egiten dituen bitartean, herri bakoitzari espezializatzeko aukera ere eskaintzen dion terminoa ere izan daiteke, eta beraz egokia definitu nahi dugun kontzeptu eraikitzaile honentzat.

Hau beraz leloa, eta datozen egunetan argitaratuko ditugu sei proposamen zehatz, garapena beharko dutenak, baina bidea egiten hasteko akuilu izan daitezkeenak; beti ere, plan estrategikoak definitutako lan lerroei lotuta eta bereziki lan eta enpleguaren sorkuntzari atxikita. Izan zuzenean lana sortzeko tresnak direlako, edota berau sortu ahal izateko aukerak irekitzen dituztelako. Guk landutako proposamenen inguruan eztabaidatu nahi genuke, ideia berriak jaso edo gureak osatu eta hobetzeko, animatu iruzkinetan idatzi edo gurekin kontaktuan jartzera. Jarraitu elkarrizketa.

Proposamenak

  1.  Unibertsitate digitalaren aukera Oarsoaldean.
  2. Teknologia auditoriak eta zerbitzu aurreratuen eskaintza Oarsoaldean.
  3. Ekintzaile Kooperatiba(k) Oarsoaldean.
  4. Laborategi teknosozialak Oarsoaldean.
  5. Pentsatuz lurraldetik elikatu Oarsoaldean.
  6. Oarsoaldeko Lankidetza Ekonomikorako Sarea – OLES.

 

Egileak: Gorka Julio eta Beñat Irasuegi

Irudia: https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/a/a3/Pasaia-Spain-Christoph-Abele-2004.jpg/800px-Pasaia-Spain-Christoph-Abele-2004.jpg

Iruzkinak

  1. […] Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko proposamen sortaren artean lehena, beraz, Euskal Unibertsitate Digitalaren lurraldea bihurtzea Oarsoaldea. […]

  2. […] Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko proposamenetan bigarrena, beraz: eskualdearen diagnostiko teknologikoa egin eta behar emergenteak abiapuntu izango dituen zerbitzu aurreratuen sarea sortzea Oarsoaldean. […]

  3. […] Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko hirugarren proposamena da Oarsoaldean Ekintzaile Kooperatiba(k) sortzea, horretarako azterketa, medioak eta babes juridikoa eskainiz. […]

  4. […] Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko laugarren proposamena da eskualdeko laborategi teknologikoen saretik, eskualdeko herritarrei zabalik egongo den Laborategi teknooziala sortzea, Euskal Herri mailako beste erreferentzia guneekin saretua egongo dena. […]

  5. […] Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko bosgarren ideia da, kontsumo agregatuko labore proiektua indartu eta ekoizpen eta eraldaketarako lur eta azpiegitura komunak sortzea. […]

  6. […] gobernantza moldea izango duen sare anitz eta konprometitua [OLES] sortzea proposatzen dugu, Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko seigarren eta (oraingoz) azken ideia […]

  7. […] San Sebastian Region ideia distopikoaren inguruko azterketa beste baterako utziko dut. Bitartean Oarsoaldearen edo edozein Lankidetza Lurralderentzat interesgarria izan daitekeelakoan, Gorka Julio lankideak eta nik ideia batzuk landu ditugu 3. ildoa, hau da, garapen eredu propio eta eraldatzailea lantzen hasteko. […]