Paraleloan (I): Kokapena

,
Aiert Goenaga-ren avatar

Egunkari zein irratietako goiburuek, esnatu berriaren nagiak atera arazteko goizeko kafeina dosiak baino gaitasun handiago duten garaiotan, errealitateak ez dio fikzioari inbidiarik. Egunero gainditzen du luzaz. Izan ahal zukeenaren eta denaren edo izan ahal ginenaren eta garenaren arteko aldea handiegia da. Eta zer da ba izan ahal gintezkeen hori? Ba ez dakit, baina hau ez behintzat. Etorkizuna imajinatzeko ariketak egiten genituenean ez zen hau imajinatzen genuen hori. Gure ustezko arrazionaltasunak eta garapen ahalmenak leku hobe bat iradokitzen zuten, ez hau. Izan ere, gure sistema honek errealitate paralelo bat asetzeko sortua dagoenaren sentsazioa ematen du. Bueno, sentsazioa diot baina berez ziurtasuna da buruan darabildan hitza. Jende arruntaren premiak asetzetik gero eta urrunago dagoen ongizate estatu honetan, herritarren ongizatea bermatzeko sortutako legeak nahi erara erabili, aldatu eta sortzen dira; herritarrekin eta herritarrentzat gobernatu beharrean herritarrak gobernatzen dituen sistema dugula alegia. Honen aurrean, historikoki ezagutu dugun errezeta nagusia estatu independente baten aldeko apustua izan da. Zinez, egokiena, lurralde bateko herritarrek beraiei dagozkien gaiak erabakitzeko. Ala? Ba ez dakit, urrutira joan gabe gure herri txiki honek dituen eskumen apurrak nola baliatu diren ikusita zalantza etortzen zaio bati.

Baina hemengo eta hango politikarien maila eta jardunaz haratago gauza asko ezagutzen ditugu. Esaterako, badakigu zerbait estatu gabeko herriez, erabakitze eskubidea aldarrikatzen edo praktikan jartzen bizitzearen aldeaz edo zer esan beste leku batzuetan guri dagozkigun erabakiak hartzeaz eta beronen ondorioez. Ezagun dugu baita gure herriaren zati batek Espainiako eta Frantziako proiektuetatik at proiektu propioa izatearen aldarri, nahi, grina, premia, … (ezar nahi adina etiketa, ziur motz geratuko garela) eta ezagun baita, proiektu hori aurrera ateratzeko bidean ezartzen dizkiguten oztopo, kontrako indar eta interesa, etxekoak zein kanpokoak. Gurean, euskal estatu independente baterantzko bideak luzea izatearen itxura du. Kataluniarren abiadura hartzu eta galdeketa egiten dugunerako kontuan izan behar dugu ezetzak zer suposatzen duen. Zer suposatzen duen denboran, zer alor ekonomikoan, zer kulturan eta zer herri honen biziraupenean. Kontutan izan behar dugu baita errealitate soziologikoak eta egungo banaketa administratiboak oso zail egiten duela zazpi lurraldeetako euskal herritar askoren helburua eta honenbestez, berau gauzatzeko bide alternatiboak ere aztertu beharra egon daitekeela.

Eta egungo egoeratik balizko etorkizun independente baterako trantsizioko edo bitarteko pausu bat emango bagenu? Lurraldetasunari uko egin gabe, lurraldeaz haratago doan kontzeptu baten inguruan lan egitea, SISTEMA alegia. Lurralde berean errealitate desberdinei erantzuna emateko sortua den sistema arrotz honetatik irten eta sistema propioa sortzeaz ari naiz. Espainiar eta Frantziar sistemetatik “desagertu” eta muturren aurrean bat eraikitzeaz. Nazioarteko finantza sistema, merkatuek eta teknologia berriek eskaintzen dizkiguten bitartekoekin oso egingarria den zerbait da. Baita egungo sistemaren parte diren publiko komunak konpartitzen jarraitzea ere. Hau da, bi sistema paralelo hainbat azpiegitura komun konpartitzen (Ospitale, errepide, portu, …) baina sistema bakoitzaren parte diren pertsonen premiak era oso desberdinean asetzen (egungoa vs berria). Honek komunitate jasangarri, justu eta iraunkor baten sorrera suposa dezake, eta aldi berean, proiektuaren hastapenetan proiektuarekin bat egingo ez luketen hainbat sentsibilitate sistema berrira batzeko erakarpen indarra eduki.

Alde batetik lan asko egongo litzateke egiteko. Sistema berriaren alde birtuala eta erreala josi, pentsio sistema berria sortu (EPSV bidez esaterako), BEZ berria eta beronen konpentsazioa atzerriko sistemekiko, Enpresen Gaineko Zerga (sistema honen parte izatea aukeratzen duten enpresentzako), Pertsonen Fisikoen Gaineko Zergak zein aberastasunari dagozkionak. Espazio eta baliabide komunen eraikuntza, funtzionamendu eta mantentze lanetarako ekarpenak ere adostu beharko lirateke. Sistemaren militarizazioa edo beronen militarizazio eza erabaki, elikadura subiranotasuna eta premiak asetzeko inportazio – esportazioez plana eta berdin sistema honen parte direnen energia subiranotasuna bermatzeko modua. Komunikazio sare propioak ere sortu beharko ziren eta akaso satelite propio bat orbitan jarri, batek jakin.

Esan bezala asko da egiteko izango genukeen lana baina dagoeneko egina daukaguna ez da gutxi. Hezkuntza sistema paraleloa dagoeneko badugu, kulturaren alorrean asko daukagu aurreratuta eta hizkuntzari dagokionez baita, nahiz eta sistema hau eraikitzerako orduan hizkuntzatik haratagoko sinergiak bilatzeko, hizkuntza nagusia (euskara), beste batzuekin partekatu beharko genukeen (frantsesa, gaztelera, ingelesa eta katalana esaterako); hau da, Euskararen indarberritzea eta transmisioa ziurtatuko duen sistema eleanitza.
Gizartea eskura dituen baliabideen arabera aldatzen da eta XXI. mendeak teoria politiko nagusiak ideiatu eta garatu zirenean existitzen ez ziren hainbat baliabide eskaintzen dizkigu. Betiko arazoei aurre egiteko tresna berriak ditugu esku eskura; edo beste era batera esanda, arazo batzuk bandoz aldatzeko aukera dugula alegia. Baina etzi nolako sistema eraiki nahi dugun eztabaidatu aurretik, sistema bera eraikitzeko determinazioa gaur behar da.

Iruzkinak

  1. […] hau eta ondoren etorriko direnak, “Paraleloan (I): Kokapena” artikuluan azaldutako ideia garatzeko saiakerak dira. Luze idatz daiteke sistema paraleloa […]

  2. […] (I): han eta hemen, Interneten artikuluaren harira, Aiert Goenagak hor proposatutako ideiak “paraleloaren teoriatik asko dutela” esan zuen Twitteren. Eta horrela da. Euskal gizartean Interneten egonkortzeak […]

  3. […] problematizatuta baino. “Eta zer da ba izan ahal gintezkeen hori?”. Galdetzen zigun Aiert Goenagak. Eta “non, noiz, nola, norekin izan gaitezke izan gintezkeen hori?” gaineratuko nioke. […]

  4. […] atal hau balizko sistema paraleloaren azpiegituren inguruan egindako azaleko hausnarketa bat da. “Paraleloan (I): Kokapena” artikuluan “Sistema” lurralde edo lurraldetasun kontzeptuetik haratago joan beharko […]