Etzaidazue esan. Zuek ere borroka-anime aldi berean tonto eta inteligente bila zenbiltzaten.
Are, pertsonaien patuek benetan axola izatea lortuko duen istorioa, begiak erregistratu ahal izateko baino hamar aldiz xehetasun gehiago dituen irudia, elkar-ostiatzearen artea Dragoi Bolak utzi zuen mailatik zenbait koska igotzea eta gainera pertsonaiek euskal izen abizenak izatea (Sustrai, Ozpin, Hori…) batuko dituen 5 eta 15 minutu arteko iraupena duten ataldun anime ipar-amerikar bat nahi zenuten.
Ba zortea duzue, existitzen baita, eta RWBY du izena. Eta zorte handiagoa duzue oraindik, ohi bezala telesailari buruz asko teorizatu beharrean Portu Maritimo honen izaera multimedia aprobetxatzea pentsatu baitut, trailer-festa bat proposatzeko.
Hemen lehena. Orokorra edo (guztietatik eskasena ere bai, ziurrenez):
https://www.youtube.com/watch?v=dsy7VJheMBI
Bigarren trailerra: Ruby Rose, protagonista. Besteak baino gazteagoa. Abiaduraren eta gaztetasunaren errepresentazioa bera. Txolina edo noblea? Biolentoa ala demokrata? Boterearen, oinordetzaren eta posizio sozialaren inguruan zenbait eztabaidagai planteatzeko pertsonaia ere bada atalek aurrera egin ahala, baina trailer gorrian ikus daitekeen bezala, batez ere, borrokalari fina da Ruby:
Hirugarren trailerra. Trailer zuria. Weiss Schnee. Beste bat, oinordetza eta botereaz gauza pare bat esateko dituena. Anti-sinpatika, elitista, aristokrata eta hotza, Rubyren antipodetan dagoen pertsonaia da. Oso fana naiz.
Laugarren trailerra. Blake. Trailer beltza. Blake ez da dirudiena. Beste zerbait da. Beste norbait. Diferentea. Periferiakoa. Galtzailea, munduaren botere jokoan. Motxiladun ume bat. Fantasia gauza oso errealei buruz hitz egiteko erabili baitaiteke.
Bosgarren eta azken trailerra. Trailer horia. Agian nire pertsonaia faboritoa da Yang. Ahizpa Ruby bezain… tira, deszerebratua izan daiteke, baina badu barne noblezia bat eta minaren esperientziari aurre egiteko modu berezi bat bereziki erakargarria egiten duena. Zenbat eta ostia gehiago jaso indartsuagoa bihurtzen da. Nola ez maite gure Hulk ilehoria?
Beraz, laburrean, zergatik eman aukera bat RWBY honi? Bost arrazoi botako dizkizuet, bost trailerrei laguntzeko edo:
- Monty Oum ez duzue agian ezagutuko. Hori konpondu egin behar da.
- Denak dira neskak. Eta mutila erreskatatzen pasatzen dute denbora gehiena.
- Remnant mundua eta bertako biztanleak eurek uste baino konplexu, gogor eta aberatsagoak dira. Sozio-politikoki ere bai.
- Ostiak bai, dotorezia ere bai. Agian inoiz ikusi ditudan ostiarik guapoenak banatzen dira serie honetan. Serio.
- Atal guztiak (azkena izan ezik, hori ordainpekoa da) doan ikus daitezke hemen: roosterteeth.com/show/rwby
PS: Euskal izenena ez da broma. Ez eta kasualitatea ere. Hemen Bolin Hori, hirugarren mailako pertsonaia bat. Eta KASUALITATEA, horiz janzten da. Suspicious…