Kataluniako gerra-birtuala erreferendum egunaren aurretik hasi zen eta dataren beraren laburdurak 1-O (un d’octubre) profetizatu antzera, bat eta zeroen lengoaia digitalean narra daitezke telesailaren kapituluak. Govern-ak webgune eta mugikorrerako aplikazio bitartez argitaratu zituen bozkatzeko argibideak, Estatuak paperezko kartel eta propagandak atzeman ostean. Webgunea Kataluniatik atzitzea galarazi zutenean, ziberpunk eleberri fantastikoenean ere aurreikusi ez bezala, proxy bat (atzerriko ordenagailu baterako lotura) erabiltzea proposatu zuen president-ak herritarrek non bozkatu ezagutzeko.
Izan ere, sareetakoak izan zuen ordutik fantastikotik Star Wars (Izarretako Gerra) balitz bezala. ‘.cat’ webgune Klonen Erasoa eta Inperioaren Kontraerasoa teknikarien atxiloketa, webgune zein aplikazioen (Google-ren konplizitatea tarteko) itxiera eta Telekomunikazio eta Informazio Teknologien Zentroaren okupazioarekin. Mehatxu Mamua ere ez zen falta izan, seguraski kondairaren pelikula eskasena: ElPais-ek hacker errusiarrak erreferendumaren aldeko berriak sare sozialetan robot bitartez zabaltzen ari zirela salatu zuen. Itxaropen Berriak errolda elektroniko unibertsalaren itxura hartu zuen, zeinak Interneteko zerbitzu (adib., Amazon) batetik bestera salto egiten zuen hiperespazioan zibererasoetatik ihesi (tartean Internet hornitzaileen eteteak edo Forocoches-ek zabaldutako DDoS atake deialdiak). Joda Assange-ek bitartean “sareen boterea zuekin bedi” zioen mezu interrestelarrean.
Edonola, sareen beste aldean, Kataluniakoari streaming bidez ikusteko pornografia usaina dario, kontsumo azkarrerako idatzitako Izaretako Gerra-rena. Larru-jotze postura ezinezkoena, non bataren bortxa eta bestearen orgasmoa bizkarrez-bizkar datzaten. Buffering etete askorekin. Euskal Herritik ere kexua etxetik atera gabe azaltzeko aukera izan dugu, maindire izerdituetatik desitsatsi gabe logelatik bertatik pantailari begira lapikoari kolpatuta. Garaien erretratu onanista. Darth Rajoy, Puigdemont Skywalker, Jar-Jar Urkullu eta enparauek biluztu eta antzeztuko dute bakoitzaren audientzia handienari zuzendutako gidoia. Erritmo honetan Netflixek ordezkatuko du Europako Batasuna.