Egilea: EHartza
Hiru-lau bat kolonorentzako rol-olerkia. Saitu ekarpen guztiak pertsonai barruan egiten. Txandaka, testua ozen irakurri eta denen artean joan galderak erantzuten.
KOLONOAK
Hiru egun dira Korintoko kosta atzean utzi eta itsaso sakonean arraunean zabiltzatela. Atzean utzi dituzue lagun, auzo eta aideak. Nor botako duzue faltan? Zuekin bakarrik zuen familia eta etxetik azken orduan hartutako jostailu bat ekarri dituzue. Nolakoak dira? Nabari ditzakezue ezpainetan kresala, begietan eguzkia, biriketan ozono lurruna eta masailetan haize bufada baten laztan freskura, baina Korinto zaharraren oroitzapena zama bilakatu zaizue bihotzean.
Bat-batean tximista, ostera trumoia, kristolako ekaitzak jo du, inoiz ikusi duzuen gogorrena, eta bizi berri baterako gordeta zenituzten ametsak haize erauntsi batek eramango dituelaren sentsazioa ezin duzue burutik kendu. Ze prezio ordaindu behar izan duzue hondamenditik salbatu ahal izateko? Zer utzi duzue itsasoaren hondoan? Untzia ondoratzeko zorian, eskuak odoleztuta, umorea belztuta eta arima akituta duzuela, lehorra ikusi duzue, azkenean!
Arraunei eragin eta azkeneko txanpan ahaztuko zaizikizue giharretako karranpak, mingaina idorrak eta pasatako gaitzak. Zerk arindu dizue bihotzeko zama? Zein da lur berrian ospatuko duzuen lehengo jaia? Zeinen omenez sakrifikatuko duzue lehenengo bildotsa? Non altxatuko duzue lehengo eraikina? Zein da besarkatuko duzuen lehengo pertsona? Zeinekin egingo duzue lehengo aldiz larrutan itsasoaren bestaldeko lur emankor hauetan?