Lan eremuari dagokionez, lana bizitzeko era oso ezberdinak egonik ere, jaiegunen inguruko erabakiak hartzea gehienoi eragiten digun gaia da. Ohiko enpresa batean langileari edo enpresariari, enpresa komunitario edo kooperatiba bateko kideei edota inplikazio sozialengatik besterik ez bada, beste lan batzuetan (horiengatik soldata jaso edo ez) edo lanik gabe daudenei ere eragiten dio.
Euskal Herrian ohikoa izan da lan esparru propioaren aldarrikapenaren inguruan, zenbait festa beste batzuengatik ordezkatzen saiatu izana. Horretarako, egutegi propioak kaleratzen dituzte erakundeek, baina baita sindikatu eta patronalek ere. Adostasun falta ez dut berez sintoma txartzat ikusten, gauzak bizirik daudenaren seinale baizik. Aniztasun horretan bizitzen ikasi behar dugun bezala, adostasun minimo batzuk ere egokiak direla ere pentsatzen dut, aldi berean. Adibidez, abenduaren 3an, gauza ezberdinak ospatuta ere, Hego Euskal Herri mailan behintzat, jai egun bateratu bat edukitzea beharrezko ikusten dut.
Gure kooperatiban, aldiz, beste pausu bat eman nahi izan dugu, 35 lan orduko jardunaldia ezarri ondotik, denon artean erabakitako egutegi bat egiten saiatu gara oraingoan. Argi genuen jai batzuk ordezkatu nahi genituela, baina, aldi berean, ezin genuela egin bizi garen jendartetik guztiz deskonektaturik dagoen egutegi bat. Horregatik, jai batzuk ordezkatu ditugun arren, beste batzuei esanahia bakarrik aldatu diegu, guretzat horietan dagoen gauza interesgarriei erreparatuz. Beste batzuei izena besterik ez diegu aldatu, ados egon edo ez, jai horiek mantendu nahi genituelako. Mito eta erreferentzia propioak ere badaude horietako batzuetan, zuen esku begiztatzea.
Horrez gain, beste bi kategoria definitzeko beharra ere sentitu dugu. Gurea enpresa komunitario bat izaki, pertsona bakoitzaren urtebetetzea ere markatu nahi genuen, kideek duten garrantzia nabarmendu, eta egun horretan berarekin gaudela ospatzeko egunak izango dira hemendik aurrera. Beste alde batetik, Stakhanov egunak edo lanez ospatzeko egunak ere identifikatu ditugu. Egun horiek lan egiteko egunak izango diren arren, egunaren amaieran ospatu edo elkartzeko baliatu nahi ditugu. Zehazki hiru dira horrelakoak, Talaios bera sortu zen eguna, OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea Sustatzeko Sarea jaio zen eguna, eta nazioartean mugimendu kooperatiboak ezarritako eguna.
Jaiegunetara bueltatuz, beharbada bitxiak zaizkizuen aldaketak topatuko dituzue gure egutegian, baina hori da gure egutegia, denok erabakia eta adostua. Bakoitzak berea egitea gustatuko litzaiguke, horrek esan nahiko bailuke, aukera hori behintzat badagoela zuen lan eremuan. Komunean ditugun jaiak ere elkarrekin ospatu nahiko genituzke, horregatik, “ohiko jaiak” ere agertzen direla ikusiko duzue. Bakoitzak beren interesen arabera, errepara diezaiola nahi dionari, baina, batez ere, pentsatu bakoitzak zuen inguruan zein liratekeen ospatu nahiko zenituzketen jaiak. Buruan irudi hori sortzeak berak, helburura gerturatzen baikaitu. Eguneroko inertziaren aurrean, ospatzen duguna zergatik ospatzen dugun pentsatzera eramaten gaitu eta gogoratu: zer ospatu, hori izan.
Happy Noam Chomsky day!