Ekintzaile Kooperatiba(k) Oarsoaldean #3

,
Etzi Portu Maritimoa-ren avatar

Beste lurralde batzuetan ekintzaile kooperatibak bezalako egiturak egiteko aukerak daude. Gurean, egitura juridiko horrekin ez igual, baina beste era batera antolatzeko antzeko egiturak pentsatzeko aukera aztertu beharko litzateke. Nafarroan eta Iparraldean era honetako egiturak existitzen dira eta funtzionatzen dute.

Tresna garrantzitsua da, hasieran, laguntza askorik gabe dauden ekintzaileek babestuak sentitu eta ondo eginez gero elkarlanean bidea egiten hasteko. Lehen prototipatu eta merkaturatzean sortutako proiektu berriek ekintzaile kooperatibaren babes juridikoa dute, eta arrisku maila oso txikiarekin prototipoak benetan testatzeko aukera daukate. Egitura bakarra sor daiteke edota sektore ezberdinen beharrei erantzungo dieten tresna ezberdinak. Eskualdean jada martxan dagoen Koopfabrika ekintzailetza kolektiborako formazio, tutoretza eta jarraipen programan sortutako proiektuen lehen kokaleku juridikoa izan daiteke, beste eremuetatik datozen proiektuekin batera. Lehen saretzerako ere oinarri sendoak ezarriz. Ekintzaile kooperatiba hauek ekintzailetza sozialaren baitan definitutako oinarriekin lan egin beharko dute.

Bestetik, ekonomia kreatiboaren alorrean bereziki, eredu berritzaileak garatzeko ideiak ez dira falta. Kolaborazio publiko-komunitario-kooperatiboaren adibide ona da, adibidez, Azpeitiko Kulturaz Kooperatiba. Ekintzaile kooperatibak izan gabe ere, horrelako ereduen ezagutza eta hedapena egitea ere egokia litzateke, aukerak badaude gaurtik hasita.

Oarsoaldea Lankidetzaren Lurraldea izateko hirugarren proposamena da Oarsoaldean Ekintzaile Kooperatiba(k) sortzea, horretarako azterketa, medioak eta babes juridikoa eskainiz.

Egileak: Gorka Julio eta Beñat Irasuegi

Irudia: http://herribizia.errenteria.eus

Iruzkinak